700. urteurrenari bihotza jarri dio Kukai Dantzak
Urteurrenaren ospakizunari ginga jartzeko asmoz, E700 Herri Instalazioa sortu du Kukai Dantzak. Atzean, elkarlana, eragile ugariren inplikazioa, herritarrena, artista eta herri paisaien konplizitatea zerbait ederra eta handia sortzeko. Proiektuaren zertzeladak eman dituzte gaur, Jon Maya Kukai Dantzaren zuzendari eta dantzariak eta Aizpea Otaegi alkateak Niessen Kulturguneko auditorioan egindako agerraldian.
700 urte bete zituen Errenteria hiribildua sortu zenetik pasa den apirilaren 5ean. Pandemia betean eta etxeratzearen gogorrenean heldu bazen ere, agertoki handi bakarraren ordez, agertoki txiki mordoak hartu zuen ospakizunaren erronka, eta herriko etxe bakoitza, auzo guztietako leiho eta balkoietatik ospatu zuen urteurrena herriak. Egokitzeko, eraldatu eta birpentsatzeko gaitasun ikaragarria erakutsi dute pandemia heldu zenetik herritarrek, baita eragileek ere. Nahi moduan ospatzerik izan ez bada ere, ospatu ospatu dute urteurren garrantzitsua, eta oraindik ere ez da itzali ospakizunen tartea.
Horren harira, eta urteurrenaren ospakizunari ginga jartzeko asmoz, E700 Herri Instalazioa sortu du Kukai Dantzak. Atzean, elkarlana, eragile ugariren inplikazioa, herritarrena, artista eta herri paisaien konplizitatea zerbait ederra eta handia sortzeko. Proiektuaren zertzeladak eman dituzte gaur, Jon Maya Kukai Dantzaren zuzendari eta dantzariak eta Aizpea Otaegi alkateak Niessen Kulturguneko auditorioan egindako agerraldian. Ez dira bakarrik izan, Kukai Dantzako gainontzeko kideak izan dituzte lagun, baina baita, Ereintza Dantza taldeko ordezkariak, Mendi Urruzuno argazkilaria, Cristina Guerrero artista, Tempografixeko kideak eta udaleko partaide diren alderdi politikoetako ordezkariak. Horietaz gain, Albaola itsas faktoria, Hibaika, Eresbil, eta beste hainbat eragile ere konplize izan dituzte, baita hiri mantenuko udal langileak ere, eta guztiei egin die aitortza bana bana Mayak gaurko agerraldian.
Pandemiak baldintzatutako urtea izanagatik ere, efemeride garrantzitsua herritarrekin batera ospatzearen ideiari eutsi ziola udalak ekarri du gogora Otaegik, “eragileen ahaleginari esker 15 ekimen gauzatu dira hilabete hauetan zehar. Asmoak erabat egokitu behar izan ditugu, baina horixe erakusteko urtea izan da aurtengoa, egokitzeko dugun ahalmenarena”. Ospakizunari tartea eskaintzearen garrantzia nabarmendu du halaber alkateak, pandemia testuinguruan, “garen komunitatea ospatzea lortu baita horrela”. Eskerrak emateko aukerarik ez du galdu, eta eragile eta herritarrei parte hartzeko luzatu zaizkien gonbidapenetan erakutsitako herri senarengatik esker ona azaldu die. Programazio berezia, udal departamendu ezberdinetako teknikariek eta alderdi guztietako ordezkari politikoek osatutako lantaldearen bidez landu dutela, eta itxiera ere horrela egin nahi izan dutela erantsi du, bestalde, “guztion elkarlana irudikatuz eta bereziki, eragileek egin duten ekarpena eta izan duten inplikazioa agerian jarriz”.
Ospakizun urtea, Kukai Dantzak hainbat artistekin elkarlanean sortutako instalazio artistikoarekin itxiko dute: “Urteurrenari hasiera emateko aurreikusi genuen ekimenarekin amaituko dugu eta ez dago gaizki, amaiera honek, hasiera berri bat, fase berri bat iragarriko baitigu”.
Beraien asmoa urteurrenari hasiera emateko dantza ikuskizuna egitea zela Herriko Plazan aitortu du Mayak, “ezin izan genuen eta orduan amaiera emateko egitea pentsatu genuen; azken hori ere ezinezkoa izan da eta bai udaletik zein Kukai Dantzatik urte luze eta zail honetan izan dugu ideia bat garbi: Egoera edozein dela ere, mantendu behar genuela gure lana, jendearekiko harremana, eta artea herritarrengana hezalraztea oso inportantea dela egoera honetan ere”. Hasieran zuten ideia hura, egoerara egokitzea tokatu zitzaiela esan du dantzariak.
Agerraldian izan direnek, aukera izan dute lanaren emaitzaren zati txiki bat ikusteko. Galdu ezin den proposamena da Kukai Dantzarena; urteurrena konplizitatez, edertasunez jantzi du, eta bihotza jarri dio. Bihotza bi zentzutan, egin duen lanari sentimenduz ekin dion zalantzarik ez da, eta urteurrenari taupadak erantsi dizkio, herri bizi bat erakusteko.
Ikuskizun eszenikoa izango zena, herri instalazio bilakatu du Kukai Dantzak ikuskizunean landuko zituen edukiak landuta herritarrei helarazteko. Horretarako, eduki horietako bakoitza herriaren historiarekin eta izatearekin lotu dituzte eta arte diziplina ezberdinekin landu: “Industria, itsasoa, elkarbizitza, etorkizuna, aniztasuna, eta emakumea; eta Mendi Urruzuno argazkilariarekin itsasoa eta industria uztartu dira argazkiaren bidez, arte grafikoaren bitartez Tempo Arteko kideekin aniztasuna auzo guztietara eraman dugu, Cristina Guerrero margolariarekin emakumearen gaia landu da. Dantza taldea izanik, musika eta dantza presente egotea ezinbestekoa zitzaigun, eta lotura bat egin dugu herrian zehar artelanak banatuta dauden puntuetan. Puntu horietan QR kode bat dago eta horietan dantza eta musika da protagonista”.
Herritarrek historia ezagutzeko, auzoetatik barrena ibiltzeko aukera izango dute instalazioaren bidez, baita arte diziplina ezberdinekin gozatzeko ere.
Herritarren ekarpena ere jaso dute. Batetik herritik kanpo bizi diren errenteriarrei dei egin zien Kukaik irrifar bat helaraz zezaten bideo baten bidez eta halakoak ere bildu dituzte instalaziora. Etorkizuneko begirada Errenteria-Oreretako 6 ikastetxeetako lehenengo hezkuntzako lehen mailako ikasleek margotu dute: horietako bakoitzak esaldi bat bidali dio etorkizunari eta Xabier Erkizia soinu artistak jantzi du begirada hori.
Erronka motibagarria izan dela aitortu du Kukaikoak, baita lankidetza berriak egiteko aukera ere, harremanetan sakontzeko aukera.
Instalazioa hilaren 26tik (ostirala) apirilaren 12ra arte izango da ikusgai osotasunean herriko kaleetan . Badira hala ere, ordutegi berezia izango duten bi atal: Elkarbizitzari eta etorkizunari lotutako piezak hilaren 26an eta 27an proiektatuko dira Herriko Plazan 19:00etatik 22:00etara.
Sarean ere izango du presentzia Herri Biziaren web orrian. Ibilbidearen mapa eta azalpenak hilaren 26tik aurrera bertan aurkitu ahal izango badira ere, bideoak apirilaren 13tik aurrera izango dira ikusgai bertan.
Honakoa aurrerapen bat: