Oiartzunek txuri-urdinak animatuko ditu
Oiartzungo Udalak herriko bandera eman dio Realari, Sevillako finalean erakusteko. Realaren bandera ere jaso dute.
Bederatzi egun besterik ez dira falta futbolean egon den itxaronaldi luzeenetako bat bukatzeko: apirilaren 3an jokatuko dute gizonen kopako finala Realak eta Athleticek, Sevillako Cartuja estadioan.
Reala, gipuzkoar guztien talde dela erakusteko, autobusarekin bira egiten ari da herrialde osotik. Udalerri bakoitzaren eskuetatik herriko bandera jasotzen ari da, Sevillara eramateko. Estadioan ez da ikuslerik egongo —nahiz eta batzuek hotela erreserbatuta zuten—, baina horren ordez herrietako banderak jarriko ditu Realak. Jokalariek gipuzkoarren babesa jasoko dute modu horretan.
Udalaren izenean, Agustin Lekuona Hirigintza zinegotziak egin zuen Realeko ordezkariekin bandera trukaketa.
Realeko ordezkariak autobusez etorri ziren banderarekin eta banderaren bila. Ea aste gutxi batzuk barru berriro bueltatzen diren, koparekin.