Albaolak ateak zabalduko ditu Aste Santuan, ostegunetik igandera
Itsas Kultur Faktoria zabalik egongo da goizez apirilaren 1etik 4ra. Aurretik erreserba egin beharko dute bisitariek bertaratu ahal izateko.
Urtarrilan itxi zituen Albaolak ateak behin-behinean. Albaola Itsas Kultur Faktoriak ateak itxi zituen urtarrilaren 27an berrirekitzeko data zehatzik gabe, hainbat faktorek eragindako egoera latzari aurre egin ahal izateko -neguko eguraldia, Ondartxo bidearen itxiera eta orduko udalerriko egoera epidemiologikoa, nagusiki-.
Ixte hori iragarri zutenetik lehen aldiz irekiko dizkiete ateak bisitariei Aste Santuan, ostegunetik igandera zehazki, -apirilaren 1etik 4ra arte-. Bisitaldiak goizez soilik egin ahal izango dira, betiere aurretiko erreserba eginez eta gehienez 31 laguneko taldeetan. Horretarako, webgunean eskura dezakete interesdunek harremanetan jartzeko informazio guztia.
Albaolako Komunikazio arduradun den Enara Novillok adierazi du lehen irekiera horrek hasiera izatea duela asmo, faktoriak berriro ere ohiko martxa har dezan. Ildo horretan, apirilean zehar larunbat goizetan zabalik egongo da gunea bisitarientzat, eta maiatzean hitzordu horiek gehiagotzea aurreikusi dute, jasotako erantzunaren baitan, betiere.
