Familia Ludoteka Kalean programa antolatu du udalak Udaberriko Oporretan ez aspertzeko
Oporraldia aisialdiz beteta dator udalak astelehenean martxan jarriko duen Familia Ludoteka Kalean programari esker, baita Ludoteka eta Gaztelekuetan antolatu duten programazio bereziarekin.
Familia ludoteka kalean egingo dute Udako Oporraldian. Udaberriko oporrak ate joka dira. Gaur dute azken eskola eguna oporraldia hasi aurretik herriko haur eta gazteek, eta hamabost egun aurretik. Oporraldia aisialdiz beteta dator udalak astelehenean martxan jarriko duen Familia Ludoteka Kalean programari esker, baita Ludoteka eta Gaztelekuetan antolatu duten programazio bereziarekin. Familia Ludoteka Kalean, izenak ondo adierazten duen bezala, aisialdirako espazioa izango da, haurrek beraiekin batera arituko den helduarekin joan behar dute —heldu batek gehienez hiru haur izango ditu beregain betiere—, eta eskura izango dituzte espazio ireki batean, Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian, hain zuzen ere, jolaserako hainbat aukera. Mugimendu jolasak izango dira —punteriazkoak, paraxutak eta orekazkoak— kooperazio jolasak eta eskulanak eskura.
Doakoa da ekintza, baina gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa da bibe.me plataformaren bidez, astelehenetik —hilak 29— aurrera. Ekintza apirilaren 7an eta 9an egingo dute bi txandatan banatuta: 16:3oetik 17:30era lehena, eta 17:45etik 18:45era bigarrena.
Pertsona bakoitzak, gainera, bost gonbidapen eskura ditzake gehienez ere. Bertaratzen direnak familia burbuila gisa hartuko dira kontuan.
Ez da baina eskaintza bakarra; ludoteka eta gaztelekuetan eskaintza berezia prestatu dute Udaberriko Oporrak behar bezala gozatzeko. Astelehenetik aurrera —apirilaren 7an eta 9an izan ezik— Ludoteka eta Gaztelekuetan jarduera bereziak egingo dituzte egungo burbuilak errespetatuta. Ludoteketan 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoentzat hilaren 29 eta 31n eta apirilaren 6 eta 8an jolas kooperatiboak, eskulanak, edo malabarrak egiten ikasteko tailerrak antolatuko dituzte 17:30etik 19:30era. Apirilaren 12an itzuliko dira ludotekak ohiko dinamikara.
Gaztelekuetan berriz, 13-17 urte arteko gazteentzat apirilaren 6tik 9ra ekintza bereziak izango dira: txapelketak, mahai jolasak, eskulanak, zinema eta kirola. Apirilaren 14an itzuliko dira gaztelekuetako ohiko dinamikara.
Informazio gehiago e-postara idatzita, web orrian, edo 943 44 96 06 telefono zenbakian eska daiteke.
