"Oraintxe bertan punta-puntako zientzia egiten da Euskal Herrian"
'Zientziaren izarrak' liburua argitaratu berri du Egoitz Etxebeste biologo eta 'Elhuyar' aldizkariko erredakzio arduradunak. Historian ukatu dieten lekua eman die emakume zientzialariei.
Emakume zientzialariak ekarri dituzu lehen lerrora. Zer dago Zientziaren izarrak liburuaren atzean? Eta zergatik egin duzu?
Elhuyar aldizkariko erredaktorea naiz, eta aldizkarian dudan atal batean kontatu ditudan istorioak dira. Hamabi urte dira aldizkarian horiek idazten ari naizela, eta orain bilduma argitaratu dugu liburuaren bidez; emakume zientzialariak azaltzen dira bertan. Hasieran ez zen horrela, baina 2015etik aurrera hasi nintzen txandakatzen emakume baten historia eta gizon batena. Liburuan emakumeenak bakarrik bildu ditugu, ordea. Emakume Zientzialarien Eguna hartu genuen oinarri, eta, horren barruan beste hainbat gauza antolatu bagenituen ere, liburua argitaratzeko eta aurkezteko ere aprobetxatu genuen, asmoa aspaldikoa bazen ere.
Emakume zientzialariak badira, baina lekurik izan al dute?
Emakume zientzialariak izan, badira, eta orain, zorionez, askoz gehiago dira. Baina, gaur-gaurkoz, inondik inora ere ez dituzte oraindik gizonen baldintza eta aukera berak. Liburuan bildutakoak aspaldikoak dira, eta, zailagoa bazuten ere, baziren, eta oso gauza garrantzitsuak egin zituzten, oso istorio ezagunak ez badira ere. Baina bertan bildutakoen artean daude minbiziari aurre egiteko lehenengo botika, itsasondoan lurrazal berria sortzen ari dela aurkitu zutenekoa eta berotegi efektuko gasak lehenengoz aipatu zituzten emakumeen istorioa. Punta-puntako aurkikuntzak egin zituzten emakumeak dira. Askotan gertatu zen haiek egindako aurkikuntzen merituak haien nagusiek, gizonek, eraman zituztela.
Zeren arabera aukeratu dituzu liburuan ageri diren emakumeak?
Saiatu naiz historia txikiagoa dutenak, ezezagunagoak direnak ekartzen liburura. Gustukoago ditut ezkutuago dauden istorio txikiak, zientzialari horien izaera eta bizimoduari ere erreparatuta. Zailtasun handiena da emakumeen gaineko informazioa eskuratzea, haien bizimodua nolakoa izan zen jakitea-eta. Haien adierazpenak edo idatzita utzi zuten zerbait jasotzea gustatzen zait.
Grabitazioa, 5Ga, mikroskopioak… Zerk egiten du zientzia liluragarri?
Zientzietatik nator ni; biologoa naiz: Leioako fakultatean [Bizkaia] ikasi nuen lehenik, eta Tenerifen [Espainia] ondoren, itsas eta animalia biologia, eta ikerketan aritu nintzen Aztin. Tesia egiten ere hasi nintzen, baina bidean Elhuyar-en lan aukera sortu zitzaidan. Ikerketan, etorkizuna ez zegoen erabat argi, ez delako batere erraza. Idaztea gustuko dudanez, eta zientzian jarraitzeko beste modu bat denez, ekitea erabaki nuen. Niretzako edozein gai da liluragarria, eta badira gizartean kezka sortzen duten gaiak: 5Ga, adibidez. Horrela heldu nintzen komunikazioaren mundu honetara. Duela hamabost urte hasi nintzen Elhuyar aldizkarian.
Zer esango zenieke zientzia aspergarria dela esaten dutenei?
Zientzia inondik inora ere ez dela aspergarria, mundua eta bizitza ulertzeko tresnarik egokiena dela. Betikoa da gakoa: nola kontatzen da? Aspergarria dela baino gehiago, esango nuke zientzia kontu zaila dela aipatzen dugula, eta zientziara hurbiltzea eragozten digu horrek. Azkarrentzako kontua dela diote askok, baina horrekin apurtu nahi dugu guk. Liburua erabilgarria da zentzu horretan; oso aproposa da gaztetxoentzat.
Aurretik Lunatikoak idatzi zenuen…
Horren atzean ere erreportaje bat idazteko asmoa geneukan. XVIII. mendean, industria iraultzaren inguruan zebiltzan zientzia gizon —kasu horretan denak gizonak ziren— eta oso industria gizon garrantzitsuak Lunatikoen Kluba izeneko elkartean bildu ziren. Horren gaineko erreportajea idazten hasi, eta kutsu ezberdina eman nion. Ipuin modura kontatzen hasi nintzen, eta ilustrazio batzuekin gauza bereziren bat sortzea erabaki genuen. Hala sortu zen Elhuyar aldizkariaren barruko Historia atala, eta hortik atera zen lehenengo liburua.
Zientzia eta Euskal Herria: harreman osasuntsua dute biek?
Nire ustez, behar baino gutxiago inbertitzen da; Europako batezbestekotik behera gaude, eta, Alemania eta Suediarekin alderatuta, zer esanik ez. Halere, oraintxe bertan punta-puntako zientzia egiten da Euskal Herrian. Sekulako ikertzaileak dauzkagu. Altxor ikaragarria da hori, eta uste dut zaindu egin beharko genituzkeela: probetxu gehiago atera. Dokumentazio lanarekin ikerketan ari gara egunero, eta, askotan kanpotik badatorkigu ere, gero eta gehiago nabaritzen dugu bertako ikerketak badauzkagula; bertako ikerketak gero eta presentzia handiagoa dauka.
COVID-19ak zer eragin izan du zuengan?
Gure lanean bete-betean izan du eragina. Nigan hainbeste ez, baina lankideei eguneroko jarraipena egitea egokitu zaie. Ana Galarraga lankidea dugu hor. Lan ikaragarria egiten ari da, sekulakoa, txapela kentzeko modukoa, informazio zehatza emanez, edozeinek ulertzeko moduan. Lehenengo erronka COVID-19aren inguruko kontu guztiak ongi komunikatzea izan da, behar handia dagoelako, eta, gainera, erakundeetatik ez dizkigutelako gauzak oso erraz jartzen. Halako pandemia baten testuinguruan garrantzitsua da komunikazio argia eta zehatza izatea. Ez dira oso ondo egiten ari lan hori, eta gu gure ahalegintxoa egiten ari gara.
Dakienak egitea litzateke gakoa, ezta?
Hala da, bai. Gakoa da dakienak hitz egitea, erabakiak dakienak hartzea. AstraZeneca txertoarena da adibide bat. Erabakiak datu zientifikoetan oinarrituta hartu behar dira, eta ez bestelakoak aintzat hartuta. Argi ikusten zen ez zegoela loturarik tronboen eta txertoaren artean; normalean gertatzen denaren azpikoa izan zen tronboen kopurua. Ez zegoen, beraz, inolako arrazoirik txertaketak eteteko. Bestelako beldur batzuengatik eten zuten txertaketa. Iñako Perez Iglesiasek esan zuen politikariei beldur handiagoa ematen diela zerbait eginda hanka sartzeak ezer ez egiteak baino. Kontuan hartzen ez dena da ez txertatzeagatik zenbat jende hilko den.
Zientziaren munduan lanean ari zarenetik, zuretzat zein izan da aurkikuntzarik handiena?
Asko txunditu ninduen landareak komunikatzeko gai direla jakiteak, eta nola egiten zuten ikusteak; baita birusak beti ez ditugula etsai ikasteak ere, eta uste baino gehiago zor diegula barneratzeak, neurri batean birusak ere bagarelako. COVID-19aren garaian hori esatea ere…, baina hala da. Eta banekien loa garrantzitsua dela, baina ez zenbateraino den garrantzitsua. Zenbat gauza egiten dituzten gure gorputzak eta garunak lo gaudenean: hori ere txundigarria da. ITER proiektua ere gogora datorkit orain, fusioaren [atomoen fusioa] bidez energia lortzeko bide garbi bat ikertzea helburu duena. Energia nuklearrean erabiltzen den fisioaren kontrako prozesua da, eguzkian eta gainerako izarretan gertatzen dena. Frantzia hegoaldean ari dira lantzen, eta, lortzen badute, izar txiki bat sortuko dute. Munduko tenperaturarik beroena eta hotzena ia toki berean egongo dira kasu horretan: 150 milioi gradu hartuko ditu izar artifizial horrek, eta, izar hori eremu magnetikoen bidez harrapatuta mantendu ahal izateko, zero azpitik 269 gradutara hoztuko dituzte ITEReko iman supereroaleak.
Liburuko istorioetatik zerbait gehiago aipatu nahi duzu?
Liburu honetan bildutakoak ere aipatu nahi ditut: txundigarria da garai batean zer diru eta bitarteko gutxirekin egin zituzten aurkikuntza garrantzitsu asko eta asko, eta nola aldatu duten ikuspegia, garai hartan ez zituztelako onartzen aurkikuntza horiek. Anton van Leeuwenhoekek lehenengo mikroskopioak sortu zituen. Pertsona umila zen; ez zen zientzialaria, eta inoiz inork ikusiak ez zituen mikroorganismoak ikusten hasi zen. Imajinatu: munduan bakarra zara gauza horiek ikusten, eta besteak konbentzitu behar dituzu. Paradigmatikoa da.
Zer esango zenioke zientzialari izan nahi duen gazte bati?
Aurrera egiteko. Egia da oraintxe bertan ez dela asko inbertitzen, bidea ez dela erraza, baina aurrera egiteko esango nioke. Liburu honetan badaude askoz bide zailagoa izan zuten emakumeen adibideak, eta haiek aurrera egin zuten. Ikasketak egiteko aukera badago; arazoa da ea horiek osorik euskaraz egiteko aukera ote dagoen edo ez, eta baita bekadun-prekario binomioa hautsi ote daitekeen edo ez. Baina, gustatzen zaionari, dudarik gabe aurrera egiteko esango nioke.
Euskara aipatu duzu. Are zailagoa da zientzia euskaraz egitea?
Zientzian euskarak lekua izatea zaila da zientzia bere horretan hartzen badugu; norberaren ikerketa plazaratzeko ingelesa da hizkuntza hegemonikoa. Beste gauza bat da, eta gure ahalegina hortik doa, zientzia euskaraz konta daitekeela. Joxerra Etxeberria gure idoloetako batek esaten zuena ekarri nahi dut gogora: fisika kuantikoa euskaraz egin ote zitekeen galdetzen zutenei erantzuten zien bi gauza bakarrik behar zirela horretarako: fisika kuantikoaz jakitea eta euskaraz jakitea. Garai hartan arazoak zeuden oraindik, euskara zientifikoa ez zegoelako garatuta; lan handia egin zuten Joxerrak eta Elhuyarrek. Gaur egun oso mamituta daukagu kontua. Guk oraindik ere pentsatzen dugu zientzia hemen gizarteratzeko euskaraz egin behar dugula. Hori da gure apustua: euskaraz bizi gara, eta zientzia ere euskaraz bizi nahi dugu.
Badaukazu beste proiekturen bat bidean?
Oraintxe bertan, ez; egia esan, nahikoa erronka dugu aldizkariari eustearekin. COVID-19aren harira, Elhuyar erreferentzialtasuna lortzen ari da, eta 1.300 harpidedun ditugu. Pozik gaude, eta, oraingoz, horri eustea izango da erronka. Liburuaren harira, Manu Ortegaren ilustrazioak ere aipatu nahiko nituzke, bai aldizkarikoak eta bai liburukoak. Aurrez aurre ez dugu elkar ezagutzen, baina lan ikaragarria egiten du. Gutxitan nabarmentzen da ilustratzaileen lana; animalia bisualak gara, eta ikusten duguna askoz errazago iristen zaigu irakurtzen duguna baino.