"Baheketak egitera goazela kontatzeaz gain, emaitzak eta zein ondorio atera daitezkeen partekatzea dagokigu"
Gaur arratsaldeko lehen orduan Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak martxan jarri duten baheketa masiboaren gainean mintzatu da HITZArekin Aizpea Otaegi alkatea.
Arratsaldeko lehen orduan hasi dira Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila Baheketa masiboa egiten Errenteria-Oreretako Merkatuzarren. Ehunka herritar daude deituta PCR probak egitera. Zehazki, martxoaren 14tik atzora arte Zumardiko, Diputazio Plazako eta horien inguruetako tabernetan izan zirenei. Aizpea Otaegi alkateak eta Itziar Ostolaza zinegotziak bilera izan dute Osakidetzako arduradunekin gaur goizean bertan, dispositiboa elkarlanean antolatzeko. HITZArekin hitz egin du Otaegik.
Denboran eta espazioan ohi baino zabalagoak diren irizpideak dituen baheketa masiboa hasiko du Osakidetzak gaur Errenterian. Zer suposatuko du?
Nik uste dut desberdina dela orain arte egin diren baheketekiko, orain arte egin direnak zehatzagoak izan direlako, kirurgikoagoak, bai espazioari dagokionez bai denborari dagokionez, eta egia esan gu ere harritu egin gaitu hain eremu zabala hartzeak, baita denboran ere hain epe zabala hartzeak. Horixe da osasun agintariek erabaki dutena, beraiek dira hau egiteko erabakia hartu dutenak, eta pentsatzen dut beraiek izango dutela horrela planteatu izateko informazioa.
Lehen ordubetean PCR probak egiteko jarritako hiru eguneko hitzorduak agortu dira. Ia 1.800 hitzordu eman dituzte goizeko 09:00etarako. Epea luzatu egin dute PCR probak egiteko?
Aurreikusita dago gaur, bihar eta etzi artean 4.500 PCR proba egitea, eta horietarako dagoeneko hitzorduak emanak daude. Momentuz luzatu dute epea igandera arte. Osasun agintariak jakitun dira jendeak arazoak dituela telefonoz hitzorduak eskatzeko. Lasai egon daitezela eskatu nahi diet, gaur ez baldin bada, bihar eta etzi ere txandak hartzeko aukera izango delako, eta osasun agintariek ziurtatu egin digute ez dutela baheketa amaitutzat emango hitzordua eskatu duen jende guztiak PCRa egin arte. Beraz, momentuz igandera arte egingo dituzte, eta ulertzen dut, beharrezkoa balitz, gehiago ere luzatuko dutela epea.
Eremuagatik, ez da erraza identifikatzea. Zumardiaz hitz egin dute, Diputazio plazaz, baina baita horien inguruko establezimenduez ere.
Ez da zehatza, planteamenduak dio Zumardiko tabernak, Diputazio Plazakoak eta ingurua. Ingurua zer den ere ez da erraza, norberak erabaki beharreko kontu bat da. Oso zabal gelditzen da, beraz planteamendua.
Herritarrei zein dei egiten diezu?
Nik esango nuke azkenean baheketa aukera bat dela herrian daukagun egoera ezagutzeko. Egia da, eta badakigu, COVID-19ak asintomatiko asko eragiten dituela eta azkenean, PCR proba egiteak ahalbidetzen digu lehen bai lehen COVID-19 kasuak identifikatu eta neurriak hartu ahal izatea. Zentzu horretan, uste dut, baheketa bat tresna interesgarria dela, eta komenigarria egun horietan eremu horietako tabernetan ibili garen guztiok PCR egitea, horrek emango digulako, esan dudan moduan, tresna bat neurriak ahalik eta azkarren eta ahalik eta eraginkorren hartzeko. Zentzu horretan, jendea animatu nahiko nuke PCRa egitera; animatu gabe ere, jendeak erakutsi du oso ondo zer egin behar den badakiela, eta gaur goizeko kopuruak dira horren adibide, deien adibide oso garbia da, jendeak berehala heldu dio deitzeari eta txanda hartzeari, eta uste dut hori dela egin beharrekoa.
Osasun arduradunekin bilera egin duzue gaur goizean. Zehazterik izan duzue baheketa masiboa zerekin lotuta antolatu duten, nondik datorren?
Ez bilera horretan aipatu da igoera bat sumatu dutela azken egunetan datuetan, eta Aste Santuko mugikortasunak ere zer eragingo ote duen kezkatzen dituela. Parametro horietan kokatzen da gaur hasiko den baheketa masiboa.
Udalarentzat zer suposatzen ari da hau guztia. Komunikabideak erantzuteaz gain, azpiegiturak prestatzea ere suposatuko dizue. Zer eragina du zuengan?
Gure lana hori da, erraztea. Erabakia ez da gurea, dispositiboa ez dugu guk antolatzen, baina gure lana da nolabait erraztea eta kasu honetan Merkatuzar uztea Osakidetzari probak egiteko eta ahalik eta ondoen eta txukunen prestatzea eremu hori PCR probak egitea erraza izan dadin, eraginkorra izan dadin, eta segurua izan dadin. Horretan eman dugu goiza. Bertan dira Hiri Mantenuko langileak, brigadakoak laguntzen, Udaltzaingoa prest antolaketa lanetan laguntzeko eta Osakidetzako langileak ere PCRak egiteko prest.
Bestalde, foku mediatikoa gauza ikaragarria da. Hedabide kopurua herrian dabilena ikaragarria da, deika ari direnak ere, presentzialki, telefono bidez. Izugarria da halako neurri batek nolako foko mediatikoa sortzen duen.
Onerako baino txarrerako ezta?
Nik uste dut gehiegizko garrantzia ematen diogula, benetan neurria bera ez denean garrantzitsua; garrantzitsua da zein den egoera, zeintzuk diren datuak eta zein den COVID-19aren bilakaera, baina baheketa bera egitea horrelako albiste izatea ez da oso zentzuzkoa. Hala gaude azkeneko urtean, eta kazetarientzat ere pentsatu nahi dut ez dela bereziki motibagarria, baina horixe daukagu.
Foku mediatikoa jartzen dugu komunikabideok halakoetan, baina gero egiten al dugu jarraipena jakiteko benetan baheketa hauek zer ematen duten? Horren jarraipena egingo du udalak?
Nik uste dut hori dagokigula erakundeoi oro har gardentasun ariketa bat egin eta baheketak egitera goazela kontatzeaz gain, baheketa horren emaitzak eta horietatik zein ondorio atera daitezkeen ere partekatzea. Horrek finean laguntzen du jendeak uler dezan zer egiten dugun eta zergatik. Uste dut azken aldian nabarmena izan dela hainbat baheketek sortu duten ikusmina eta gero zein kasu gutxi egiten diegun emaitzei.
Ataungo kasua izan daiteke adibide bat ezta?
Hori da. Emaitzak onak direnean, edo espero zen bezain txarrak ez zirenean interesa galtzen da, eta egia esan argi dago horrek ez lukeela horrela izan behar. Uste dut garrantzitsua dela kontakizuna hasi eta kontakizuna amaitzea, eta amaitzea, kasu batzuetan izango da errealitate gordin bat erakustea, eta beste batzuetan izango da esatea, bueno pentsatzen genuen egon zitekeela agerraldi bat baino ez dago, eta hori ere komunikatzea egokia da eta komeni da. Saiatuko gara segimendua egiten eta azalpenak ematen.