1.100 proba aztertuta, bederatzi positibo
Lehen balorazio honetan, baliabide material zein giza baliabide gehiago bideratzeko eskatu dio udalak Osakidetzari: "Egungo dispositiboa ez da udalerriaren dimentsiora—40.000 biztanle ditu Errenteria-Oreretak— eta neurriak eragindako biztanleriaren tamainara egokitzen.
Arduraz ari dira Errenteriarak baheketa masiborako deialdiari erantzuten. Martxoaren 14tik hilaren 5era bitartean Zumardian, Diputazio Plazan eta inguruetako tabernetan izan ziren herritarrak deitu ditu Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak PCR probak egitera baheketa masiboaren barruan. Atzo arratsaldeko lehen orduan jarri zuten martxa dispositiboa Merkatuzar aretoan, eta ordutik ilara luzeak izaten ari dira bertan.
Aizpea Otaegik HITZAri atzo emandako elkarrizketan, baheketaren berri eman bezala, horren emaitzak, eta emaitzekin lotuta atera daitezkeen ondorioak partekatzeko konpromisoa hartu zuen. Konpromiso horri erantzun dio behaketa hasi zenetik 24 ordu pasa ez direnean, eta lehen balorazioa egin du Errenteriako Udalak, baita atzoko probekin lotutako lehen emaitzen berri eman ere. Datua honakoa: 1.100 proba egin zituzten atzo Merkatuzarren, horietatik 1.100 aztertu dira eta bederatzi positibo hauteman dituzte (%0,8).
Herritarrei eskerrak eman dizkie Errenteriako Udalak. Arduraz jokatzen ari diren zalantzarik ez da, bi egunetan 6.000 hitzordutik gora eskatu dituztelako baheketa masiboaren barruan proba egiteko: “Parte hartzea handia izaten ari da eta eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei”.
Lehen balorazio honetan, baliabide material zein giza baliabide gehiago bideratzeko eskatu dio udalak Osakidetzari: “Egungo dispositiboa ez da udalerriaren dimentsiora—40.000 biztanle ditu Errenteria-Oreretak— eta neurriak eragindako biztanleriaren tamainara egokitzen. Ilara luzeak sortzen ari dira, eta udaletik, erantzunkidetasunetik dispositiboa handitzeko eskatu dugu pilaketa horiek saihestu, edota bederen, murrizteko”.
Probak egiteko hitzordua telefonoz eskatzeko arazoak daudela jakinarazi du bestalde, baina halere, saiatzen jarraitzeko eskatu die herritarrei, “garrantzitsua baita”. Gainera, hitzordua eskatzeko euskarazko zirkuitua arazo batzuk ematen ari dela jakinarazi du, eta bide hori erabiltzen dutenek hitzorduarekin SMSa jasotzen dutela ziurtatu behar dute.
Azkenik, lasaitasuna eskatu diete udal arduradunek herritarrei. Izan ere, Osakidetzak PCR proba guztiak egin arte baheketarekin jarraitzeko konpromisoa hartu duela ziurtatu baitute.