Ostari: "Kriminalizatuta eta zaurgarri sentitzen gara berriro"
Errenteria-Oreretako ostalaritza establezimenduen elkarteak "ustekabea" azaldu du azken hiru asteetan izandako jardueraren gaineko urgentziazko deialdia izateagatik, eta berriro ostalaritza establezimenduekin lotuta izan delako esklusiboki.
Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak baheketa masiborako egin duen deialdia dela eta haserrea eta kezka azaldu du Ostari elkarteak komunikabideetara bidali duen prentsa ohar bidez. Errenteria-Oreretako ostalaritza establezimenduen elkarteak “ustekabea” azaldu du azken hiru asteetan izandako jardueraren gaineko urgentziazko deialdia izateagatik, eta berriro ostalaritza establezimenduekin lotuta izan delako esklusiboki, “denbora epe horretan tarte nahikoa izan da edozein pertsonaren egunerokoan mota guztietako saltokietara joateko aukera izan da, aisialdi zein jarduera ekonomiko ere, fokoa ostalaritzaren gainean bakarrik jarri gabe”.
Horren harira, azalpenak eskatu dizkio Ostarik Osakidetzari erabakiaren gainean, baita baheketaren arrazoien gainekoak, “ez baita Errenteriako bizilagunen artean kutsatze fokurik izan den berririk eman aurretik”. Agintarien erabakiek berriz ere ostalaritza kriminalizatu dutela salatu du elkarteak, eta zaurgarri utzi dituela gaineratu: “Mota honetako erabakien aurrean, baheketaren emaitza alde batera utzita, herritarrei zein o9stalarioi arduraz jokatzeko eskatzera garamatza berriz ere; oraindik ere are gehiago indartu behar dugu indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoa eta esfortzua guztioi eragiten digun amesgaizto honekin amaitzeko”.
Ostarik, gainera, herritarren, komunikabideen eta osasun agintari zein politikoen esanetara dagoela esan du, “behar dutenerako”, eta berriro berretsi du elkartea osatzen duten ostalariek pandemia egoera maiatzeko duten konpromisoa: “Jarduera ekonomiko guztietan indarrean dagoen protokoloa betetzea exijitzen dugu, publikoak zein pribatuak izan, eta herritarrei dei egiten diegu Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak antolatu duten baheketa masiboan parte har dezaten”.