Musikarekin jantziko dute asteburua
Larunbateko kontzerturako ezinbestekoa da gonbidapenak eskuratzea. Gaur bertan hasi dira banatzen, Niessen Kulturguneko harrera bulegoan.
Musikaz gozatzeko aukera izango da asteburuan EMKE Errenteriako Musika Kultur Elkartearen eskutik. Gure bakarlariak zikloaren barruan, Sugaar eta Kissar ensanble ganbera talde gazteek emanaldia eskainiko dute, larunbatean 18:30ean Niessen Kulturgunean.
Kontzertura joateko ezinbestekoa izango da gonbidapena eskuratzea, eta horretarako, gaur bertan zabaldu dute horiek eskuratzeko aukera Niessen Kulturguneko harrera bulegoan. Alain Aierdi musikari gazteak zuzenduko ditu bi ganbera talde horiek, eta errepertorio posterromantikoaren oinarrizko pieza eskainiko dute: Gustav Mahlerren lehenengo sinfonia.
Aurtengo denboraldiko ildo nagusien berri ere eman du EMKEk. Denboraldi berezia izango dela nabarmendu dute arduradunek, eta lehen fasean Errenteriako Musika Banda osotasunean agertoki gainean ikustea ezinezkoa izango dela azaldu dute: “Espero dugu ahalik eta epe laburrenean banda aktibatu ahal izatea, entseguak hasita eta normaltasunean arituz”. Denboraldiko lehen fasean, talde eta proposamen profesionalen programazioa eta berreskurapen historikoko lana egingo du; bigarren fasean, berriz, “normaltasun” egoerako programazioari ekitea aurreikusi du EMKEk. Bigarren fase horretara heldu aurretik, baina, aurrez landu eta garatutako proiektu eta kontzertu ugari izan behar dituztela zehaztu dute arduradunek, “puntu horretan gaude orain, programazio gehiena prest, egoerak uzten digun bezain laster programatu ahal izateko”.
Aurtengo kontzertu aipagarrienak
Aurtengo denboraldirako prestatu dituzten kontzerturik aipagarrienen berri eman dute, halaber. Gure Bakarlariak zikloaren barruan, asteburu honetako kontzertuarekin batera, maiatzean euskal musika eta jazz fusioa nahasten dituen proposamena ekarriko dute, eta abenduan berriz, Hirusta abesbatzarekin Eguberriko kontzertua egingo dute.
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, berriz, Jantziaren XZentroarekin elkarlanean Jantzi ondarearekin mendez mende; David Rivas konpositoreak 700. urteurrenerako idatzitako Herri taupada konposizioaren estreinaldia; eta iaz behar bezala ospatzeko aukera izan ez zuten Zentenarioaren 100. urteurrena, aipatu dituzte EMKEko artduradunek.
Ez dira aurten egingo dituzten hitzordu eta proposman musikal bakarrak. Donostiako Udal Txistulari taldearekin Donostian eta Errenterian kontzertuak eskainiko ditu EMKEk, eta Ennio Morricone’ s Tryp zinebanda kontzertua Morricone zenaren omenez.
Musikasten ere arituko dira, eta aurten abenduan egin ohi duten haurren emanaldia berreskuratuko dute.
Oraingoan ere, mezu argia zabaldu dute EMKEtik, “Kultura ezin da eten, kultura ezin dugu eten”, eta egoerara moldatuta bada ere, musika proposamena egiten jarraitzeko konpromisoa agerian utzi dute.