Sorkuntza oparoa, herriaren eskura jarri du Patri Urkizuk
Liburu, olerki, itzulpen, errelato, biografia, artikulu, argazki zaharrak, antzerkia, azterketa linguistikoak, testu klasikoen edizioak... hamaika harribitxi, 40 edo 50 urteko ibilbidean mimo handiz sortutakoak jarri ditu denen eskura Patri Urkizu Sarasua lezoarrak.
Liburuak, olerkiak, itzulpenak, errelatoak, biografia, artikuluak, argazki zaharrak, antzerkia, azterketa linguistikoak, testu klasikoen edizioak… hamaika harribitxi, 40 edo 50 urteko ibilbidean mimo handiz sortutakoak jarri ditu denen eskura Patri Urkizu Sarasua lezoarrak. Aske, libre ibil daitezen sarean barrena, web orri baten bildu ditu urte luzeetan sortu dituen lanak, atea jo eta bertan murgiltzeko gogoa duen ororen jakin-mina asetzeko. Dagoeneko martxan dute web orri hori, hemen sarbidea. Gaur eguerdian proiektu eskuzabalaren gaineko xehetasunak aletu ditu Urkizuk, Lander Zurutuza liburuzain eta historiagileak, eta Patxi Intxaurrandieta irakasle ohi eta musikologoak lagunduta. Intxaurrandieta lagun handia du Urkizuk; nabaria izan da hori Gezala auditorioan egin duten ekitaldian.
Gaurkoa ez dela hitzaldi, liburu aurkezpen, edo ekitaldi soil bat izan esan du Zurutuzak, “gaur hona ekarri gaituena Patri Urkizu idazle zailduaren web orriaren aurkezpena da. Alegia, Patrik eskuzabal Lezori, Euskal Herri osoari eta euskarari berari eskaini dion altxor bikain horren inbentarioa egitera etorri gara”.
Harrigarria dela web orri horretan bildutakoaren tamaina eta balioa erantsi du, “are harrigarriagoa dena eta web orriari balio erantsia eman diona, horietako lan askok orain ikusi dute argia lehendabiziko aldiz”.
Urkizuren biografiaren zertzelada batzuk eskaini ditu ondoren Zurutuzak. 1946an jaio zen Patri Urkizu Lezon, Filologia erromanikoan lizentziatu zen Salamancako (Gaztela Leon, Espainia) unibertsitatean 1970. urtean, eta Francoren diktaduraren ondorengo Lezoko lehen alkate demokratikoa izan zen 1979 eta 1983 urte artean. Euskal Filologian doktore (1986), Euskal Idazleen Elkarteko presidente (1989tik 1997ra), Euskal Hizkuntza eta Literaturako unibertsitateko irakaslea Bordelen, Donostian eta Madrilen orain gutxi erretiroa hartu arte. Bibliografia zabaleko idazle eta ikerlaria da, gainera, Urkizu. Bere sorkuntza lana bildu duen web orriaren katalogoan ikus daitekeenez, 43 orrialde behar izan dituzte katalogoan biltzeko lan guztiak.
Horretaz gain, gizon apala dela Urkizu esan du Zurutuzak, “langile porrokatua, familiako beroa eta taberna giroko lagunartea maite duena, Urtzi Urkizu kazetari eta poetaren aita, nolako zura halako ezpala. Benetako abertzalea ere bada, beti kultur alorreko zubiak eraikitzen diharduena Euskal Herriko hegoaldearen eta iparraldearen artean, muga guztien gainetik, inork gutxik bezala ezagutzen baitu Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko literatur tradizioa, oso gutxik bezala zabaldu baititu hango bertso, kantu eta teatro zaharrak, besteak beste”.
Bihotzez eskertu dio Zurutuzak Urkizuri egindako lan oparoa, eta orain lezoarren eta euskaldun ororen esku utzi duen ondare ikaragarria.
Intxaurrandietak hartu du hitza ondoren. Web orriaren gainean mintzatu da, bertan aurki daitekeenaz hitz egin du. Duela lau hilabete esan ziola Urkizuk web orria sortu nahi zuela urteetan sortutako ondare hori guztia bildu eta edonoren eskura jartzeko aipatu du Intxaurrandietak. Gaur denen eskura dago web orria, eta bertan bildutako aberastasun handi guztia. Biografia, katalogoa, ikus-entzunezkoak, argazki bildumak, euskal hizkuntzaz, literaturaz eta argitaratu gabeak atalak ditu. Urkizurena, “opari handia” dela esan du Intxaurrandietak, “ikaragarria da hemen bilduta dagoen guztia, ondare handia da. Gaur Patri liburuz betetako kamioi handi batekin etorri balitz bezala da, eta daukan guztia musu truk, zuen guztien eskura jarri du”.
Web orria bizia dela nabarmendu du, gainera, aldatu eta gauzak gehitzeko aukera ematen duelako.
Semeari, Urtzi Urkizuri, aipamena egin dio behin baino gehiagotan Patri Urkizuk, bidaide duelako, baita Marikrutz arrebari eta Marga Rica Esnaola emazteari “pazientzia izan duelako azken 40 urteetan”. Esker ona ere bertaratutakoei azaldu die, “egoera zail honetan bertaratzea ez delako balentria gutxi”.
Web orrira bildutakoa azken 50 urteko lanen emaitza dela esan du lezoarrak, “goza eta dasta itzazue testu apal horiek”.
Zer entzun, zer ikusi, zer irakurri eta zer ikasi badago Patri Urkizuk lau haizetara zabaldu duen ondare handi horretan.