Arrosa koloreko liga eta txapelketa
Atzoko Gipuzkoako Batel Txapelketan, zortzi kategorietatik zazpitan izan ziren sanjuandarrak podiumean. Ligan ere hainbat garaipen lortu dituzte.
Asteburuan Gipuzkoako Batel Ligako azken jardunaldia, eta Gipuzkoako Txapelketa jokoan izan dira Donibanen, San Juan-Koxtapek antolatutako lehietan. Horietan, eta azken urteetako boladari jarraiki, Pasaiako batelen artean arrosak izan dira nagusi, hainbat kategoriatan garaipenak lortu dituztelako bai ligan zein txapelketan.
Liga
Larunbatean izan zen jokoan Gipuzkoako Batel Ligako azken estropada (igandeko Gipuzkoako Txapelketarako sailkatzeko ere balio zuten lehiek). Bertan, San Juaneko ontziek hiru garaipen lortu zituzten: haur neskak, promesa neskak eta absolutuak neskak (San Juan B hirugarren izan da kategoria horretan). Eta garaipen horiei nahiz ligako aurrekoetan egindako lanari esker, kategoria horretako ligak bere egin zituzten sanjuandarrek.
Haur mutiletan San Pedrok ligako sailkapen nagusiko bigarren eta hirugarren postuak lortu ditu; mutilen kadeteetan San Juan bigarren izan da (San Pedro seigarren eta Illunbe hamargarren); Gazte Mailako nesketan bigarren izan da San Juan; eta gazteen mutiletan arrosak hirugarren, bosgarren (B ontzia) eta zortzigarren (C ontzia), Illunbe seigarren eta San Pedro bederatzigarren izan dira.
Azkenik, mutilen seniorretan sanjuandarrena izan da ligako bigarren postua, San Pedrorena laugarrena, Illunberena seigarrena, eta San Juan Brena zortzigarrena.
Hemen klikatuz gero, Ligako sailkapen osoa ikus daiteke.
Txapelketa
Larunbatean lortutako emaitzen arabera egin zen igandeko Gipuzkoako Txapelketa (txapelketarako plaza lortu ez zutenek Federazio Kopan parte hartu zuten). Eta horretan ere, Pasaiako batelen artean arrosak nagusi. Izan ere, lehian zeuden zortzi kategorietatik, zazpitan podiumean izan ziren San Juan taldekoak.
Txapelak, nesken promesetan eta emakumeen absolutuetan (Maider Etxanizek egin zuen kategoriako ziaboga onena) irabazi zituen San Juanek; bigarren izan ziren haur neskak, kadete mutilak, gazte neskak (Iker Larrek egin zuen kategoriako ziaboga onena) eta gizon seniorrak; eta hirugarren gazte mutilak. Domina zaparrada, beraz, Donibanekoentzat.
San Pedro, berriz, hirugarrena izan zen mutilen Haur Mailan, Pablo Bereauk eraman zuelarik ziaboga onenaren saria. San Pedroko eta Illunbeko bestelako ontziek Federazio Kopan parte hartu zuten.
Hemen klikatuz gero, Gipuzkoako Txapelketako emaitza guztiak ikus daitezke.