Hiri espazio eta ekipamenduetan zaintza integratzeko proiektua abiatu du Lezoko EH Bilduk
Egitasmoari forma ematen hasteko gaurtik ostegunera arte hainbat lan saio egingo dituzte, Bartzelonako Unibertsitateko ikasleekin.
Lezoko EH Bilduk “datozen urteetako erronka handienetako” bati aurre egiteko proiektua egiteari ekin dio: Lezoko hiri espazio eta ekipamenduetan zaintza integratuko duen egitasmo globala osatzeari ekin dio. Horretarako propio lantalde bat sortu du koalizioak herrian, eta gaurtik ostegunera arte hainbat lan saio egingo dituzte egunero, 17:00etatik 19:00etara, Ikastolako jantokian. Lan saioak osasun neurriak betez egingo dituztela ziurtatu dute bilkideek.
Saio horien gidari Irati Mogollon lezoarra izango da, hain zuzen ere, Arquitecturas del cuidado lanaren egilea. Harekin batera, Bartzelonako Unibertsitateko hiru ikasle izango dira herrian saio horietan parte hartzen, Roser, Julia eta Carmen. “Hainbat lezoar elkartuko ditugu, Lezo herri egokiagoa izan dadin herritarrak elkarren artean eta erantzukidetasunez zaintzeko”. Hala, herriaren diseinuak, egiturak eta antolaketak aztertuko dituzte: “Herriaren diseinu eta antolaketak herritarrongan, eta batez ere adinekoengan duen eragina aztertuko dugu, adin ezberdinetako eta hainbat arloko herritarrekin burutuko dugun parte hartze prozesu baten bitartez”.
EH Bilduren ustez, pandemiak erakutsi du egungo sistema bizitzaren zaintzarako ez dagoela egokitua. “Beste zaintza eredua behar dugu. Ikuspegi feminista eta ezkertiarretik eraikia. Sistema publiko-komunitario baterako trantsizioa egin behar dugu”.