Turismo bulegoak Aste Santuko egunetan jaso ditu bisitari gehien
Bigarren aste ia osoa eremu gorrian pasatzeak ondorioak izan ditu bisitari kopuruan. Lehenengo asteko bisitarien erdia, bizkaitarrak.
Lanera bueltako eguna da gaur askorentzat. Beraz, opor egunen bukaera. Mugimenduak egongo zirela aurreikusita, hilaren 1etik 11ra Oiartzungo Turismo Bulegoa irekita egon da. Hainbat bisitariri eman die arreta.
Oiartzungo Udalak turismo bulegoaren jarduerari buruzko balorazioa egin du. 2019ko Aste Santuan baino bisitari gehiago jaso ditu, ia erdia —%49,4— bizkaitarrak. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bisitariak bakarrik etorri ahal izan dira.
Udalak azaldu duenez, bisitariek gehien eskatu dutena herriko planoa izan da. Bisitariak Oiartzunera gehien erakarri dituena mendi turismoa izan da.
Eremu gorriak, eragina
Bigarren astean, Oiartzun eremu gorrian sartu zen, eta bisitarien kopurua asko gutxitu zen, itxiera perimetrala zela eta.
Ondorioz, aurreko larunbaterako antolatuta zegoen Arditurriko Tren Berdearen txangoa bertan behera geratu zen.
Apirileko eta maiatzeko asteazkenetan Done Eztebe eliza ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte, Joxe Mari Mitxelenarekin. 12:00etan izango dira.
Bisitak debalde diren arren, aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa dela jakinarazi du udalak. Errenteria-Oreretako turismo bulegora deitu (943 49 45 21) edo e-postaz idatzi beharko da.