Alejandro Amenabarren 'La fortuna' telesailaren grabaketa Pasaian da
Pasaiako badia 1804ko ontzi-gudu baten agertoki bilakatuko da asteburuan. Dagoeneko heldu da Donibanera fragata protagonista.
Pasaiako urak XIX. mende hasierako ontzi-gudu baten agertoki bihurtuko dira datozen asteburuan, Alejandro Amenabarren La fortuna telesailaren zati bat bertan grabatuko baita. Jadanik heldu da Donibaneko uretara protagonista izango den fragatetako bat.
HITZAk jakin ahal izan duenez, ostiralean bertan hasiko dira estrei jantziteria probak egiten -horietako dezente pasaitarrak dira-. Behin arropei neurria hartuta, ostiral, larunbat, igande eta astelehenean (aurreikuspenak betez gero) filmatuko dute telesailaren zatia.
Datozen egunetan Pasaiako badiak Algarbe (Portugal) eskualdeko kostaldea birsortuko du, Nuestra Señora de las Mercedes fragataren hondoratzea ekarri zuen 1804ko bataila berreginez. Nazioarteko telesaila Amenabarren lehena izango da, abuztuan ekin zieten grabaketei eta urtea amaitu baino lehen emango du Movistar + -ek.