Errepublikazaletasuna, harro
Manuel Compadre Vargas errepublikako bandera soinean atera da gaur kalera.
Askotan irudi bitxiak uzten ditu egunak. 90 urte joan dira gaurko egunez, 1931n Espainiako II Errepublika aldarrikatu zutenetik. Kaleak gaur, irudi bitxi horietako bat utzi du. COVID-19aren pandemia testuinguruan ez dira errepublikazaleak kalera aterako, eta Pikoketa Errepublikazaleen Elkarteak ere ez du deialdirik egin eguna ospatzeko, momentuz behintzat.
Manuel Compadre Vargas errenteriarrak, baina, bere omenaldia egin dio Espainiako II Errepublikari aldarrikatu zutenetik 90 urte bete dituen egunean. Errepublikako bandera soinean atera da kalera; hala egiten duela urtero dio, “errepublikazaletasunaren balio handienetako bat errespetua da, elkarrekiko errespetua. Hori gabe ezinezkoa da beste guztia, oinarrizkoa da”.
Frankismoan egunero joan behar izaten zuela kuartelera baimena sina ziezaioten ekarri du gogora, “sindikalista nintzen, eta ni eta beste bi kide egunero-egunero joan behar izaten genuen, ezertxo ere egiten ez bagenuen ere, sindikalista izate hutsagatik. Franco hil zenetik, ez dut arazo gehiagorik izan”.
Hiru kolorekoa saman, errespetuz, harro ibili da pasioan.