Kultur eragileekin bilduko da udala, Mendiburu 14ren kudeaketa zehazteko
Datorren asteazkenean bilera egingo dute herriko eragileekin zein parte hartzeko interesa duten herritarrekin, ikastolako jangelan.
2020 sartzearekin batera hasi ziren Mendiburu 14 eraikin balioanitza eraikitzen. Eraikina mugarri izatea nahi dute, eta hiru funtzio izango ditu: Gazte Izanak jubilatu elkartearentzako egoitza berria izango du; Oiartzungo Udalak bere toki eskasiaren erantzuna emango die; eta kultur eragileentzako agertoki eta aterpe izango da.
Oraindik obretan ari dira, baina Udalak hausnarketa prozesu bat abiarazi du Mendiburu 14eko kultur ekipamendua nola kudeatuko den zehazteko. Herriko kultur eragileekin elkartuko da, hilaren 21ean (asteazkena), Haurtzaro Ikastolako jangelan. 18:30ean hasiko da bilera.
Oiartzunen kultur ekitaldiak antolatzen dituzten elkarteekin bildu nahi dute, bereziki. Hausnarketa prozesuak hilabete batzuk iraungo ditu. Bilerak irekiak izango dira, eta konpromisoa hartzen duten herritarrek ere parte har dezakete.