Hondakin edukiontzi egokituak eskatu ditu Lezoko PSE-EEk
Mozioa erregistratu dute Lezoko sozialistek hurrengo udalbatzarrean azter dadin. Edukiontzi egokituekin irisgarritasun arazoekin bukatu nahi dute.
Lezoko PSE-EEk herrian hondakin edukiontzi egokituak jar daitezela nahi du. Hori eskatzeko mozioa erregistratu du, hurrengo udabaltzarrean azter dadin. Sozialisten eledun Joxean Sanchezen arabera, edukiontzi horiek beharrezkoak dira adinekoek, mugikortasun arazoak dituztenek, eta haurrek erabil ditzaten. “Lezo inklusibo eta berdinzaleago bat lortu behar da. Eta birziklatzea bezalako eguneroko zeregin bat ez dadila izan diskriminaziorako arrazoi”. Mozioa onartuz gero, San Markoko Mankomunitateari eskaera egin beharko dio udalak edukiontzi horiek jar ditzan, aldez aurretik ikerketa eginez horiek non ezarri erabakitzeko.
Edukiontzi egokituen ezaugarrietan sakonduz, Sanchezek jakinarazi du badaudela hondakinak botatzeko zabalguneak ohikoan baino baxuago dituzten edukiontziak, pedalak eta palankak dituztenak gainera. Horrez gain, argibideak braille hizkuntzan dituzten gailuak ere badaudela esan du, itsuentzat. Izan ere, sozialisten ustez herriak berdintasunaren aldeko urrats hori ere eman behar du, “gizarte errealitatea” delako, “denontzako irisgarritasun unibertsala ziurtatu behar du udalak”.
Edukiontzi egokituekin herriaren garbitasuna nahiz birziklatzea hobetuko direla uste du PSE-EEren eledunak, “batez ere egun bizi dugun garaian garbitasuna ezinbesteko delako”. Hala, egungo edukiontziak erabiltzerakoan hainbat herritarrek zailtasunak dituztela zehaztu du, “eta horrek hondakinak edukiontzien kanpoaldean uztera behartzen ditu”.