Elkartasun hegoak jantzita
Eider Garcia Elosegik Bartzelonara bidaiatuko du maiatzaren 4an. Bere bizi kalitatea eta mugikortasuna hobetuko dituen ebakuntza du zain bertan. Herritarren babesa jaso du 11 urteko errenteriarrak.
Ezustean harrapatu ditu jasotako elkartasun eta babes olatuak. Oraindik ere, ezin sinetsi daude. Eider Garcia Elosegi 11 urteko errenteriarrak bizitza erraztu eta bere mugikortasuna nabarmen hobetuko duen ebakuntza behar du. Horretarako Bartzelonara joango da datorren maiatzaren 4an. Ebakuntza, horren ondorengoa eta errehabilitazioak diru inbertsio handia suposatuko du eta haren gurasoek sare sozialen bidez ebakuntzaren kostua estali ahal izateko dirua biltzeko elkartasun deialdia zabaldu zuten. 24 ordu baino ez zituzten behar izan ebakuntzari aurre egiteko behar dituzten 9.000 euroak biltzeko.
Harrituta eta eskertuta dago Arantza Elosegi Arruti, Eiderren ama. Ez zuten espero halako erantzuna jasotzea, are gutxiago hain azkar egitea, eta hunkituta eskerrak eman dizkie erantzun duten herritar guztiei. Diru ekarpenaz gain, hamaika izan dira jaso dituzten animo mezuak, eta beste hainbeste pertsona batu dizkiote lagunen zerrenda baliotsuari. Elkartasun uholde horrek gaindituta dago Elosegi bera, baita Mario Garcia Eiderren aita, eta Eider bera ere: «Jendeak nola erantzun duen ikustea izugarria da, zenbat mezu, zenbat dei, lagunak, ezezagunak, lagun berriak… Aiatik deitu digute, han etxea dugula esanez. Hirurontzat ikaragarria izan da. Alaba oso eskertuta dago, ‘ospetsua naiz, ama’ esan dit, pentsa».
Ez du familia ataka errazean jarri bizitzak, baina baikortasuna nagusitu da Elosegiren begiradan 11 urteko atzerako bidaia egin duenean Eider jaio zen eguna gogora ekartzeko. «2009ko uztailaren 30ean jaio zen Eider, zesarea programatu batekin. Dena ongi atera zen , baina pisua hartzeko han gelditu beharko zuela esan ziguten. Mario [Garcia, aita] deitu zuten zerbait gertatzen zela esateko. Kardiopatia bat hauteman zioten. Gurutzetara bidali gintuzten»
Sei hilabete eman zituzten bertan, ebakuntza egin, eta hil ala biziko egoeran izan zen; bitarte horretan oxigeno falta izan zuela kontatu du Elosegik, «garun paralisia izan zuen horregatik, eta biparesia espastiko bat eragin zion. Bera ongi dago, baina hankei eragin dio, ibiltzen da baina bere erara». Gurutzetatik, Donostia ospitalera bidali zituzten eta bertatik etxera joan nahi zuela esan zien sendagileei Elosegik, «sonda batekin ekarri genuen etxera elikatzeko». Aspacen hasi zuen heziketa ibilbidea, eta egun Cristobal Gamon ikastetxeko ikaslea da. Bertako irakasleen gainean mintzatu da Elosegi; horiei ere esker ona azaldu die alabarekin egiten ari diren lan «handi eta zoragarriarengatik», baina batez ere, izaten ari diren jarrerarengatik, «talde ederra dago, irakasle bikaina du ikaragarri laguntzen ari zaiguna familia osoari».
Orain, bidean, argi bat piztu zaio gaztetxo errenteriarrari, Bartzelonan egingo dioten ebakuntzak bere bizi kalitatea hobetu dezakeelako: «Bartzelonako klinika batek, faszian, giharrak estaltzen dituen ehunean, ebakuntza egingo dio Eiderri; fasziak zailtzen du alabaren mugikortasuna. Ebakuntzaren bidez, faszian hainbat ebaki egingo dizkiote giharra askatu ahal izateko», azaldu du Elosegik. Ebakuntzari esker, ibilera hobetuko du, korrika egiteko modua, baita eskailerak igotzeko era ere gurasoek azaldu dutenez, «mugikortasuna hobetuko du».
Une honetan Eiderrek ezin du oina osorik lurrean jarri, orpoa ezin du lurrean jarri, giharrak eta hezurrak ez direlako martxa berean hazten ari, eta horrek oinazeak ere eragiten dizkio, «oinak lurrean jartzea izango du ebakuntza ostean, eta oreka ere hobetu egingo du. Horretan gaude»
Ebakuntza maiatzaren 4an du errenteriarrak, eta egun bat aurretik bidaiatuko du amarekin Bartzelonara. Lehenik balorazioa egingo diote, erabakitzeko zein puntutan eragin behar dioten, ebakuntza egingo diote, ondoren, «egun bat egingo du ingresatuta, eta hurrengo egunean bueltan etorriko gara, dena ongi aterako delako. Etxera etorrita, hilabete do hilabete eta erdi eman beharko du hankak lurrean jarri gabe. Gero ikasi beharko du ibiltzen, egokitzen bere ibilera, hobe esanda. Ondoren, errehabilitazio luzea etorriko da. Orain, Unea diziplina arteko zentroa dugu Oreretan eta ikaragarria da, zoriontsu naiz ematen diguten zerbitzuarekin, osteopata, optometrista, psikologoa… diziplina anitzak batzen dituen zentroa da, berria da».
Hori guztia mantentzeak lana eta lan gehiago egitea suposatzen duela erantsi du Elosegik, «pribatua da eta dirua behar da, erantzun ahal izateko. Etxekoak bolkatu egin dira laguntza horretan eta orain arte, inoiz, ez dugu eskatu izan laguntzarik, gurasoak, izeba-osabak… babes baldintza gabea dira guretzako».
Den modukoa izanik zoriontsu
Eider prozesua nola eramaten ari den galdetuta, ondo daramala erantzun du haren amak, «ikastetxean batzuetan esaten diote ‘gaizki ibiltzen zara’, eta berak berehala erantzuten die, ‘ni horrelakoa naiz’; sekula ez da etxera etorri galdezka zergatik ibiltzen den horrela. Orain prozesu honetan esan diot ebakuntza egingo dugula, ikasi beharko duela oinez berriro, baino argi izan behar duela bera izaten jarraituko duela. Orain baino mugikortasun hobea izango du, baina ez dakigu noraino. Hori esan nionean erantzun zidan, ‘ze kaka ez? Horretarako ebakuntza bat egin behar dut? Ni naizen modukoa zoriontsu naiz’. Kontua da tendoiak ikaragarrizko oinazea eragiten diola hezurrak hezten direlako, baina tendoia ez abiadura berean.
Ebakuntzarekin, oinaze hori desagerraraziko dute, baita Eiderren mugikortasuna eta oreka hobetu ere. Berak askotan esaten du, tendoi bihurri samarra duela».
Nahi bazuen ere, ezin izan du Eiderrek erreportajea osatzeko egindako hitzorduan izan. Asko gustatzen zaiola eta oso ondo moldatzen dela hitz egiten 11 urte baditu ere nabarmendu du Elosegik, «agian kazetaria izan nahi du». Ezinezkoa izan du, ordea, parte hartzea; ebakuntzari begira, ahalik eta indartsuen iritsi behar du kirofanora, eta COVID-19aren pandemiak are gehiago zailtzen du egoera. Ebakuntza egingo dion zirujauaren aginduz, etxean da gaztetxoa.
Bera eta bere familia laguntzen ari direnak banan bana eskertzeko gogoa ere sentitu du, 11 urterekin egoeraren oso kontziente delako, baita jaso duen elkartasunaren tamainaren jakitun ere, eta ezinezkoa izan badu lehen eskutik egitea ere, sare sozialetan bideo zabaldu du, lortu dutela lau haizetara oihukatzeko, eta lortu badute hamarnaka eta hamarnaka herritarren elkartasunari esker izan dela esateko.
Elosegik ere esker on hori zabaldu nahi izan du, «ez ditut banan bana esango laguntzen aritutakoen izenak, jendea ahaztuko dudalako; eskerrik asko guztiei». Izen bat, baina, aipatu du, Iker Tolosa musikari oreretarrarena, «bera etorri zitzaigun esanez lagundu nahi zuela eta itsulapikoak jarriko zituela Errenteriako hainbat tabernetan dirua biltzeko ebakuntzarako. Trintxerpeko tabernaren batean ere egin dute bilketa. Eskerrik asko horiei guztiei ere».
Elkartasun kanpainarekin bat egin duten Cristobal Gamon ikastetxeko amei ere egin die erreferentzia Elosegik, «garrantzitsua da ama horiek erakutsi duten jarrera eta helarazi diguten babesa, horrekin batera gainera, aniztasunaren alde egiten ari dira, enpatia lantzen ari dira eta hori oso garrantzitsua da ikasleek uler dezaten denak ez garela berdinak, bakoitzak ditugula gure berezitasunak, baina denak garela aberasgarriak eta bakarrak».
Mindara, aniztasunaren topaleku
Bide horretan, ezinbesteko aipamena egin dio Mindara elkarteari. Pertsona desberdinak berdinak diren lekua da Mindara, aniztasunak urrezko balioa hartzen duen espazioa. Aniztasun funtzionala duten Gipuzkoako pertsonei arreta eskaintzen die elkarteak, eta haien topagune bilakatu da. Eiderrek, kirol egokitua egiten du bertan, «baloiarekin jolasten zenean begiak ixten zituen hasieran. Orain baloia hartzen du, gauza txiki horiek pausu handiak dira. Mindarara gehienbat joaten da taldea direlako, eta lagunak egiteko. Mindaran denak lagunak dira, ez dago arazorik beraien artean, gelditzen dira. Gauza horiek niretzako garrantzitsuak dira, zer esanik ez Eiderrentzat. Familien artean babesten gara bertan»
Alabarekin asko ikasten ari dela aitortu du, eta zailak egiten zaizkion egoerak gainditzen ari dela, «parkera joatea bezala, lehen aita zen beti joaten zena berekin, nik gaizki pasatzen nuelako hainbat egoeretan, orain alaberekin ikasten ari naiz, eta gainditzen».
Bizilekuaren zehazpen bat ere egin du Elosegik, oreretarrak sentitzen badira ere, «oraindik ere», Lezon bizi dira azken urtean, Altamiran, zehazki, eta bertako udaleko gizarte zerbitzuetatik jasotzen ari diren arreta balioan jarri du, «gizarte langileak deitzen nau Eiderrengatik galdetzeko, eta asko laguntzen ari da, jarrera ezin hobea du, eta horrek bidea errazten du, zalantzarik gabe».
Ebakuntza gehiago egin behar izatea aurreikusia duten galdetuta, egunean egunean bizi direla azaldu du, «agian handitzen doan bezala beharko ditu ebakuntzak, baina egunerokoan aritzen gara, epe motzean, bizitza da unea, momentua». «Uneak» dituela aitortuta gogorrena beti ‘ondo aterako da?’ galdera egitea dela esan du, «ez da erraza izan».
Maiatzaren 4ko ebakuntzarako dena prest dute, ilusioa ere sartu dute maletan, kiloka; finean, Eiderren bizitza hobetzeko hartutako erabakia da.
Oraingoan ezin izan du HITZArekin hitz egin, baina ebakuntzaren ostean, eta errehabilitazioak ahalbidetzen dion neurrian Eider izango da protagonista; bere ahotsak eta bere hitzek beteko dute orri zuria. Ekarpenak egiteko: Laboral Kutxako ES71 3035 0011 2601 1013 5094 kontu korronte zenbakian.
ESKERTZA
Herritarren babesa eskertzeko bideoa zabaldu dute Arantza Elosegik, Mario Garciak eta Eider Garcia Elosegik. Ondokoa, Elosegik esker on hori adierazteko idatzitako bertsoa da.
ELKARTASUNA BERTUTE DELA
ESATEN DA HAINBAT BIDER.
BALORE HORI BEZELAKORIK
MUNDUAN EZ DAGO EZER.
LAGUNTZA EMATEN DUZUEN DENOI
BIHOTZETIK MILA ESKER.
GAIXOTASUN BAT EDUKI ARREN
BIZITZA IZAN LEIKE EDER.
TA ADIBIDE BEZELA
HORREN LEKUKO DUGU EIDER.