28 urteko amona
DBH4. mailako ikasle —edo nerabe, ez dakit zein doan lehenago— talde bati haien adinaren inguruan idazteko eskatu nionekoa kontatuko dizut. Nerea Ibarzabalek 2016an Bizkaiko Hitza-n sinatutako Adin hori izeneko testua irakurri ondoren, 16 urteez idazlana egitea eskatzen zien jarduerak. 250 hitz. Mamuz bete zen gela bat-batean, zenbat galdera ikur dantzan! Inork ez zekien bere zaletasunen berri, ez ziren nerabezaro betean bizitzen ari zirenak —zenbat eta zenbat lehen aldi tarteko— identifikatzeko gai, ezta haur zein helduekiko ezberdintzen zituzten ezaugarriak ere. Eta ni bitartean, hor, tinko, galderak eginez eta haien gaitasunetan sinesteko eskatuz.
Adinaren inguruko hausnarketak sortutako harrabotsak harrituta, ariketa bera egitea erabaki nuenean jabetu nintzen paradoxaz: nola eska diezaiokegu bere nortasuna garatzen ari denari gu —pertsona heldu eta orekatu horiek— egiteko gai ez garena?
28 urte bete berri ditut, garai politena omen. Ez ditut hamarkada bat atzera adin honetako pertsonei esleitzen nizkien ezaugarriak betetzen, granoak ateratzen zaizkit noizbehinka eta zalantzak dauzkat amatasunaren inguruan. Mundua aldatzeko borondate osoa izaten jarraitzen dut, baita maitasuna bere zentzurik zabalenean maitatzekoa ere. Kaosean ordenatua den pertsona naiz oraindik; puntualtasuna ez da nire indargunea.
Tatua nezake baina nire azalean, kosta egiten baitzait gauzak eragozpenik gabe ulertzea. Era berean, hunkitzen naute gauza ñoñoek eta amona naiz zaletasun zenbaiten arabera. Hori bai, buruko-min handienak etorkizunak sortzen dizkion atsoa naiz; hamaika kontratu sinatu baditut ere, ez dut lan finkorik, zer esanik ez nire lanbidea definitzeko zailtasunaz. Atzo hura, gaur bestea eta bihar, zer?
Nire ekintzen jomugek etorkizunean iltzatuta jarraitzen duten arren, momentua bizitzearen filosofia presenteago dudala sumatu dut azken boladan. Nork daki bihar konfinatuta egongo ote garen. Ez hori bakarrik, nire inguruan sortzen diren elkarrizketetan geroz eta sarriago mahai-gaineratzen da etxebizitzaren gaia, urrutira joan gabe testuinguru horretan sailka nitzake urtemugan jasotako opari gehienak eta egiari zor, azkenaldiko kezka nagusia dut hormak margotzeko kolore egokia aukeratzea.
Harro sentitzen naiz duela ez asko gurasoei maite zaitut esateko gai izan naizelako, baita lanorduak mugatzen —eta balioan jartzen— ari naizelako ere. Orain arte, nire buruari ordutegirik ez finkatu izanak 24 orduz eskuragarri egotera eraman nau, ahaztu gabe musu-truk egindako lan guztiak. Eta badakizu zer? Lunare bi ditut ipurdian, baita ildaskak eta zelulitisa ere.
Adin honek zerbait eman badit nire burua zertxobait gehiago maitatzea izan da, pentsamendu mugatzaileek zein ingurukoek nitaz sortu duten inpresioaz harago joatea. Lan zaila izanagatik ere, askatzailea da oso. Horren haritik, metafora bat bukatzeko: badut lagun artista bat eskumuturra minbera zuela —edo besoa obretan, berak dioen bezala— onarpena ilustratu zuena. Jarraikitasunez, ordea, detailez betetako ispilu eta gorputz bat irudikatu zituen mihise zurian. Azken finean, horretan datza gure burua onartzea, ezta? Esfortzua eta eguneroko lana bizi osoan zehar.
IRAKURKETA ERRAZEAN
Nire ikasleek 16 urte dituzte eta behin, haien adinari buruz idazteko eskatu nien. Oso ariketa zaila iruditu zitzaienez, nik gauza bera egitea erabaki nuen:
28 urte bete ditut eta nire ezaugarri asko ez dira aldatu: borrokalaria, sentibera eta zorrotza naiz oraindik. Baita inpuntuala ere.
Gaur egun, gehiago bizi dut momentua eta konturatu naiz nire lagunekin beste gai batzuetaz hitz egiten dudala. Adibidez, etxeaz.
Gainera, lan gutxiago egitea erabaki dut. Izan ere, lehen gehiegi egiten nuen.
Horrez gain, gehiago maite dut nire burua. Lehen baino hobeto ezagutzen dut nire burua eta bizitza guztian zehar ere ezagutzen jarraituko dut.