Aldaketara deitu du LAB-ek, zaintza, lana, bizitza eta herria erdigunean jarrita
Oarso Bidasoko Maiatzaren Leheneko mobilizazio nagusia Errenteria-Oreretan antolatu du sindikatuak. 12:00etan abiatuko da Matxaingo Biribilgunetik.
Bigarren urtez, pandemia testuinguruan helduko da Maiatzaren Lehena. LAB sindikatuak Langileen nazioarteko Egunaren harira agerraldia egin du gaur Herriko Plazan, deitutako protesten berri emateko. Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria! leloarekin aterako da kalera sindikatu abertzalea, “zabalik dauden borrokak aitortzeko ez ezik, etorriko diren mobilizazio eta greba berriei indarrez ekiteko ere”.
Hala, beharrezko segurtasun eta osasun neurriak hartuta, kaleak hartuko dituela eskualdez eskualde zehaztu du LABek. Oarso Bidasoko Maiatzaren Leheneko mobilizazio nagusia Errenteria-Oreretan antolatu du sindikatuak. 12:00etan abiatuko da Matxaingo Biribilgunetik. Bloke nagusiaz gain, manifestazioan, beste hiru ardatz garrantzitsuak nabarmenduko dituzte: “11:45ean Jesusen Bihotzaren adinekoen erresidentziatik zaintza zutabea abiatuko da, Papresako zubian gazteak batuko dira enplegu prekarioa salatuz, eta pentsionistak Zumardia inguruan egingo dute bat mobilizazioarekin”.
Iztieta anbulatorioaren parean pasatzerakoan, berriz, osasun langileak egiten ari diren lan ikaragarria goraipatuko dute, gainera.
Protesta, Agirre Lehendakariaren plazan amaituko du LABek, eta bertan ekitaldia izango da.
Maiatzaren Lehenaren inguruan antolatutako ekintza bakarra ez da manifestazioa izango. Aurretik, hilaren 28an Laneko Segurtasuna eta Osasunerako Nazioarteko Egunaren harira protesta egingo dute Irungo San Juan plazan 18:30ean. Hilaren 30ean, berriz, Errenteria-Oreretako Gaztañoko auzo elkartearen egoitzan gazteak eta lan prekarioaren gaineko hitzaldia antolatu dute 18:30ean.
Agerraldia amaitzeko elkar zaitzea, elkartasunez jokatzea eta elkarrekin mobilizatzea dela bidea esan du LAB-ek.