Borroka feminista sindikala babestu du LABek
Elkarretaratzea egin du gaur LAB sindikatuak Zumardian. Aste honetan Nafarroako LABeko sei kideren atxiloketa salatu dute eta borroka sindikal feministaren kontrako erasoa dela berretsi dute.
Elkarretaratzea egin du gaur LAB sindikatuak Zumardian. Aste honetan Nafarroako LABeko sei kideren atxiloketa salatu dute eta borroka sindikal feministaren kontrako erasoa dela berretsi dute: “Patronala eta polizia eskuz esku aritu dira operazio horretan. Bi protesta baketsu zehatzen inguruan antolatutako muntaia poliziala izan da, eta irakurketa argia du: patronala, aparatu judiziala eta poliziala, gure ekintzak indargabetu eta zigortu nahian dabiltza”.
Ekintza sindikal borrokalariaren aurrean, sistema heteropatriarkala “berrarmatu” egiten dela esan dute, “diziplinatu egin nahi gaitu, geldirik eta esaneko nahi gaituzte”.
Ekintza bietan emakumeak izan dira protagonista, eta hori ere ez dela kasuala uste du LABek, “sistemari ez zaio interesatzen gu, emakume langileok, aurrez aurre jartzea. Ezarritako ordena zalantzan jartzen ari gar, eta garesti ordainduko dugula adierazi digute”.
Alferrik ari direla baina esan dute bildutakoek, “ez dugu pausu bakar bat ere atzera egingo, ezta aldarrikapen bakar bat albo batera utziko. Sektore feminizatuetako eta prekarizatuetako langileok ez gaude prest sistemaren jokoa egiten jarraitzeko. Garaia da egunero gure lantokietan pairatzen ditugun diskriminazio egoera guztiak amaitzeko”.
Mezua bidali diete bueltan patronalari eta epaileei: “Alferrik ari zarete, zuen erasoen aurrean indartsuago bihurtzen gara, elkartu eta antolatu egiten gara, elkar babesten dugu. Eta bide horretan jarraituko dugu”.