[Erreportajea] Algara txikiak, terapia handia
Gure Zirkuak Errenteria-Oreretan lur hartu du laugarren denboraldiaren abiagune gisa; ikusleek «terapia» dituzte ikuskizunak. Azken urteko gorabeherengatik hiru karpa ezberdin lortu behar izan dituzte.
Bada Euskal Herrian magia modu guztiak batarazten dituen espazio bat, denboraz gaindikoa, kanpoaldeko zifra eta birusetatik ihes egiteko oasi bat non izurrite bakar algara eta txaloak diren: Gure Zirkua.
Astean bitan xisteratik irteten dira Euskal Herrian izan den lehen zirkuko musikari, akrobata, trapezista, pailazo eta orotariko izakiak, herriz herri «terapia» iritzi duten ikuskizun ibiltaria lekualdatzeko.
Iker Galartzak sortu zuen lehen euskal zirkua, betidanik izandako desira bati jarraiki, Luxenburgon karpa hori-gorri bat erosi zuenean.
Sei urte atzera begira jarri da aktore amezketarra, telesail baten grabaketarako Sevillara joan-etorrian bost urte eman zitueneko garaira: «Ez nuen disfrutatzen, astebururo etxera etorri eta gero bueltatu beharra oso nekagarria zen». Hark argi zuen bere izanaren laranja erdia den Poxpolo pailazoa oholtzaren zentroan jarri nahi zuela berriro: «Nik zirkua egin nahi nuen».
Galartzak zein Usabiagak zirkua eta bestelako lanak uztartzen dituzte
Hala hartu zuen lur lehen aldiz 2018ko ekainean Tolosan Galartzaren zirkuak, Andaluziako lanak emandako aurrezkiak hartarako baliatu baitzituen: «Bada irabazitakoarekin halako kotxe handi bat erosten duena; ba nik karpa handi bat erosi nuen» [barre egin du].
Aro berri baten ateak ireki zituen Gure Zirkuak Joseba Usabiagaren iritziz; hura, Galartzaren ogibide kide eta lagun izateaz gain, karpa barneko ikuskizunaren aurkezle ere bada lehen egunetik.
«Zirkuaren mundura saltoa izan zen», gogoan du tolosarrak, «aurretik aretoz areto ibiltzen ginen gu. Aktore munduan egiten genuena antzekoa da, baina koordinazio handia eskatzen du zirkuak».
Ibilbideen plangintzaz eta emanaldiez gain, estruktura osoaren muntaia ere hartzen dute euren gain zirkuko artistek. Hala ere, lortzen dute pantaila eta karpa azpikoa bateratzea Galartza zein Usabiagak.
Iker Galartza: «Bada irabazitakoarekin kotxe handi bat erosten duena; bada nik karpa handi bat erosi nuen»
Azken bira, Errenteria-Oreretatik
Laugarren biraren abiagune Errenteria-Orereta izan dute, eta maiatzaren 2ra arte bertan izango badira ere, agortu dituzte pasatako nahiz aurretik dituzten ikuskizunetarako sarrerak. Sold out kartela ez dute arrotz euskal zirkutarrek, lau biretan eskainitako ikuskizun guztietan eserleku denak bete baitituzte.
Aurkezleak aitortu du aretoa beti bete badute ere, oraindik urduri jartzen dela sarrerak salgai jarri aurreko egunean, eta gaur-gaurkoz ez dela ohitu guztiak agortu ditugu esaldia entzuten.
Oarsoaldea utzita, Bizkai aldera abiatuko dira artisten karabanak, Muxikara, zehazki; hautua ausazkoa ez dela aitor egin du Galartzak, izan ere, hasieratik adostu zuten herrigune xumeetara heltzen saiatzeko ahalegina egingo zutela, «sekula zirku bat jarri ez duten lekuetara». Zirkuak Gernikan jarri ohi dituzte, eta mugakide diren muxikarrak «zoratuta» omen daude hitzorduarekin.
Urtea amaitu arte martxan jarraitzea dute asmo, 2022ko urtarriletik apirilera arteko hotza aprobetxatuz deskantsatzeko.
Zuzendariak lana nekeza dela badaki, ez baita jardun makala bi astero bizitokiz aldatzea eta astebururo ikuskizuna eskaini behar izatea. «Jendea nekatu egiten da», azaldu du, «eta hau ez da betirako inorentzat, nik kontatzen dut urtero bajatxoren bat izango dela». Horrek zirkuari aire freskoa ekartzen diola onartu du.
Zailena zer den galdetuta, etengabe eraberritu beharra aipatu dute bi aktoreek. «Euskal Herrian bakarrik mugitzen gara», hartu du hitza zuzendariak, «eta hemengo jende askok ikusten gaituenez esketxak berritu behar ditugu etengabe».
Saioetan geroz eta gehiago kalitatea lehenesten dutela gehitu du Usabiagak: «Egia da euskal zirkua dela eta badela militantzia moduko bat, baina jendeari eduki duina eta kalitatezkoa eskaini behar zaio, eta horretan ere urtez urte aurrerapauso bat eman nahi dugu».
Musika, zuzenean
Esperientziak erakutsi die euskaldunek bereziki balioesten dutela musika, eta hori zaintzeko ahalegin berezia ari da egiten Gure Zirkua, geroz eta gehiago. «Musikak aberasten du», iritzi dio Usabiagak, «beste elementu bat da ikuskizunean eta balorea eman nahi diogu».
Protagonistek gaztetatik ikasi dute instrumenturen bat jotzen, eta musikak hazi dituenez, halabeharrezkotzat jo zuten musikari profesionalek ikuskizuna girotzea.
Ez soilik profesionalek, gainera. Aurtengo emanaldietan Don Martin aurkezleak, Poxpolo pailazoak eta bere lagun sudurgorriak instrumentu bana eskuartean hartu eta esketx musikala eskainiko diete ikusleei: «Denoi musika asko gustatzen zaigu, eta aurrez aurre jotzeko aukera izanda, zergatik ez?».
Joseba Usabiaga: «Jendeari eduki duina eta kalitatezkoa eskaini behar zaio, ikusleen artean militantzia dagoen arren»
Ez dira bakarrik zirkuko aktoreak doinuekin gozatzen dutenak. Arduradunek urteekin ikusi dute ikuslego euskaldunak funtsezko deritzola alderdi hori zaintzeari, eta bereziki disfrutatzen dutela; «are gehiago egungo egoerarekin», hartu du hitza Galartzak: «Hemendik kanpo dena da kaka bat, eta jendeak deskonektatu nahi du». «Behar dute barre egitea», jarraitu du lankideak, «jendeak hori azaleratzen digu kanpoan, egoera zaila dela eta umeei ere arnasgune asko kendu dizkietela».
Pandemia hasi zenean inork iritzi zion euren jarduna —eta kulturari lotutakoa, orobat— gizartearentzat funtsezkoa ez zela, baina bada Gure Zirkua «terapia» moduan hartu duena, eta hala helarazi ohi diete ikusleek zirkuko protagonistei ikuskizunaren amaieran karparen kanpoan haiekin elkartzen direnean.
Zirkuak ez du etenik, ez eta zirkutarrek bazterrez bazter eroaten duten oasi txikia. Hori guztia besterendu nahi dute, hartarako Tolosan zirku eskola bat sortuz; gainera, Gure Zirkuan badira, Usabiagaren ustez, «etorkizunerako zubi» diren belaunaldiak, zirkuaren magiaren berme izango direnak.
Lau urtean, hiru karpa: Luxenburgo, Portugal eta Veneziatik
Etorkizunean karpa handiago bat erostea asmo ote duen galde eginda, ezezko biribila eman du Iker Galartzak: «Txikitasun honetan datza Gure Zirkua». Gainera, begietan du non dauden eta herriek zein ezaugarri dituzten: «Hau ez da handia eta moldatu beharra dago, herri guztietan ez daude espazioak horrelako karpa erraldoiak muntatzeko».
Are gehiago esan eta imajinatu du: «700 lagunentzako harmailak jarrita, zer? Herri guztia bi emanalditan sartuta alde egin? Ez da bideragarria». Batez beste bi egun tardatzen dute zirkuko langileek egungo karpa muntatzen, eta egungoa Gure Zirkuak izan duen hirugarrena da.
Lehen karpa, orain dutenaren «ahizpa txikia», Galartzaren hitzetan, Luxenburgotik euskal herriratu zuen amezketarrak, eta ederki moldatzen ziren horrekin koronabirusa agertu zen arte. Edukiera mugengatik 125 bat lagun besterik ezin zituzten jaso emanaldi bakoitzeko, eta lantalde erdiak etxean gelditu behar zuen.
Erabaki berriak hartu beharra
Aurrekaririk gabeko egoerak erabaki berriak hartzeko beharra ekarri zuen euskal zirkura, eta Portugaldik karpa berri bat ekarri zuen orduan Galartzak, lehena baino nabarmen handiagoa. «Hor sar genitzakeen direnak eta ez direnak, baina ez zen egingarria»; muntaiak denbora gehiegi kentzen zien eta zirku ibiltariaren jarduna nabarmen moteltzen zuen horrek.
Bigarrena alokatuta zuenez, erdibideko karpa bat eskuratzeko erabakia hartu zuen zuzendariak, eta hala ekarri zioten Veneziatik egun Gure Zirkuak etxe duena. Hau «egokiena» dela iritzi dio pozik aktoreak, baina gaineratu du: «Egokiena, noski, koronabirus gabe». Aforo murrizketarik gabe 350 bat ikusle har baititzakete ikuskizun bakoitzeko.
Euskal zirkuaren sortzaileak garbi du zer duen esku artean: «Hau da Gure Zirkua, txikitasun hau, gurea».