Oposizioaren begirada aurrekontu proiektuan txertatzeko prest azaldu da gobernu taldea
Otaegik esan du, garrantzitsua dela eurentzako herriko sentsibilitate politiko guztien ekarpenek tokia izatea, "horregatik, gure aurrekontu proiektua aberastuko duten proposamenak txertatzeko prestutasuna adierazi dugu".
Hilaren 27an aztertuko du plenoak gobernu taldearen aurrekontu proposamena, baita horri ere oposizioak egin dizkion zuzenketak —PSE-EEk lau zuzenketa partzial aurkeztu ditu— eta proposamenak —EAJrenak— ere. Aurtengo aurrekontuaren onarpenerako orain arte egindako bidearen balorazioa egin du gaur gobernu taldeak. Aizpea Otaegi alkateak hartu du hitza, eta lagun izan ditu agerraldi horretan, Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotzia eta Maite Gartzia alkateordea.
Agerraldi horretako datu esanguratsuenetako bat, honakoa: prest da gobernu taldea oposizioaren proposamen eta begiradak aurrekontu proiektuan txertatzeko. Gobernu taldeak gehiengo osoa du aurrekontu proposamenari argi berdea emateko oposizioaren babesik gabe, hala ere, agerian utzi du Otaegik, garrantzitsua dela eurentzako herriko sentsibilitate politiko guztien ekarpenek tokia izatea, “horregatik, gure aurrekontu proiektua aberastuko duten proposamenak txertatzeko prestutasuna adierazi dugu”.
Horretarako bidea “zorpetzea handitzea” eta gerakinaren parte bat baliatzea izango dela jakinarazi du, “beraien proiektuak gauzatzeko”. Alkateak azaldu du EAJk proposamenak egin dituen bitartean, “hau da, beraien proiektu proposamenak txertatzeko ez dute eskatu gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamenean aurreikusitako diru zatirik kentzea”, PSE-EEk zatikako lau zuzenketa planteatu dituela; horietan, beraien proposamenak txertatzeko, beste diru zati batzuk ezabatzea gobernu taldearen aurrekontu proposamenetik planteatzen dute sozialistek. Horren harira, “marra gorri” batzuk daudela gaineratu du Otaegik, ” udal gobernuarentzat onargarriak ez direnak. Lekuonarako diru zatia %30 murriztea proposatzen du alderdi sozialistak, eta horrek proiektua bera ezbaian jartzen du. Udal Hizkuntza politiketara bideratutako diru zatian, berriz, %14ko murrizketa proposatu du, bertso eskolari, hizkuntzen topaguneari eta kale neurketari eraginez. Hainbat inbertsio estrategiko desagerrarazi ditu, bestalde, Iztieta, Alde Zaharra, Kaputxinoak eta Fanderia auzoetan egin nahi diren inbertsioak desagerraraziz edo gerakinera eramatea proposatuz”.
55,2 miloi euroko aurrekontu proiektua
Udal Gobernu Taldeak aurkeztutako aurrekontu proiektua 55,2 miloi eurokoa dela ekarri du gogora alkateak, “zorpetzearen aldeko apustua eginda, kopuru osoa 2020aren parekoa izanik. Pandemiaren beharrei eta agintaldi planeko ekintzei —50etik gora— aurre egiteko baliatuko da aurrekontua, eta ardatz nagusiak, gizarte babesa, kultura eta ingurumena izango dira”· Aurrekontua oso landua dagoela ere esan du.
Berandu heldu badira ere, inoiz baino denbora gehiago eskaini diotela aurrekontuak osatzeko prozesuari nabarmendu du, bestalde, “baita oposizioko taldeekin lanketa eta akordioak bilatzeko abaguneari ere”.
Gogora ekarri du, iaz PSE-EErekin erdietsi zuten akordioaren kuantifikazio ekonomikoa 400.000 eurokoa izan zela, “aurten planteatzen duguna, horren bueltakoa da”. Azaldu duenez, akordioak lotzeko zorpetzea eta gerakina baliatuko ditu udalak, “PSE-EEri eta EAJri 400.000 euroko poltsa eskaini diegu batari zein besteari, alde batetik zorpetzea areagotuz, alderdi bakoitzari 200.000 euro emanez beraien proposamenak txertatzeko aurrekontuan, eta beste 200.000 euro bakoitzari gerakinetik”.
Borondatea garbia dela akordiorako gaineratu du Otaegik, “guk proposatutako aurrekontuari uko egin gabe, beraien ekarpenak txertatzeko borondate garbia adierazten du biei egindako proposamenak. Ikusiko dugu zein bide egiten duen bi alderdiekiko negoziaketa prozesuak”.
Sentsazioei ere eman die tartea: “EAJrekin akordiora iristeko gauzak argiago ditugula une honetan dirudi, eta PSE-EErekin egin beharreko bidea luzeagoa izan daitekeela dirudi. Hala ere, ez dakigu batzuekin zein besteekin zein puntura iritsiko garen. Ikusiko dugu datozen orduek zer esaten diguten. Nahiko genuke, ahalik eta bideratuen eramatea plenora”.