[Galeria] Martxan da Oreretako Sagardo Eguna
Goizean txotx egiteko sagardoa eta edalontziak saltzen ibili dira. Eguerditik aurrera hasiko dira jarduerak, denak online.
Ez da ohikoa izango, baina gaur bada Sagardo Eguna. Milaka herritar kalean jai giroan batzen dituen festeak ezinbestean moldatu behar izan du osasun egoeragatik, baina martxan da. XXXIII. Sagardo Eguna egiten ari dira.
Sagardoaz gozatzeko, sagardoa behar. Eta hura egoki dastatzeko, edalontziak. Bestelako atrezzo guztia, herritarren esku. Izan ere, Sagardo Egunaren antolaketak bi postu jarri ditu herrian —Gamon Zumardian eta Foru plazan— edalontziak eta sagardoa erosi ahal izateko. Gainera, erosketa egiteagatik urteroko zozketan parte hartzeko eskubidea ematen duten tiketak ematen ari dira. Den-dena, osasun neurriak kontuan hartuta, txukun.
14:00ak arte dira egotekoak zabalik salmentarako bi guneak. 13:00etan, Sagar Dantza egingo dute; 17:00etan trikitilariek bueltaxka egingo dute herria girotzeko; 18:30ean Xenpelar Bertso Eskolakoen sortak iritsiko dira, eta 20:30ean, DJ Bull-en saioa.
Aipatutako ekitaldi den-denak Internetetik jarraitu beharrekoak dira, etxetik ahal bada. Antolatzaileek oso garbi adierazi dute Sagardo Eguna bizirik mantentzeaz gain, helburua dela osasun neurriak errespetatzea. Hortaz, ekitaldiak online jarraitzeko baliabideak jarri dituzte. Klik egin beheko estekan, eta Sagardo Egunaren webgunera iritsiko zara; han jarrai daitezke jarduera guztiak: