"Bizi dugun egoera zaurgarria publikoki adierazteko eskubidea dugu"
Donostian ostalariek aldundiaren aurrean egindako protesta batengatik jaso zuten "neurriz kanpoko" tratua salatu du Ostarik.
Sututa. Hala atera ziren kalera joan den larunbat arratsean Errenteria-Oreretako hainbat ostalari Ostari Elkarteak deituta. Herriko Plazan elkarretaratu ziren SOS Ostalaritza kamisetak soinean, haietako askok, eta erreskate ekonomikoa, eta ostalaritzarentzat babesa eskatzen zuen pankartaren atzean.
Pandemiaren testuinguruan jasaten ari diren kriminalizazioa gutxi ez balitz, bizitzen ari diren egoera ekonomiko lazgarria eta instituzioak haiekin ahaztu direla salatzeko Donostian egindako protesta batean tratu umiliagarria jaso zutela Ertzaintzaren aldetik salatu dute. Donostiako protesta hori, baketsua izan zela azaldu du Ostari Errenteria-Oreretako ostalarien elkarteak prentsa ohar baten bidez, “baina protestan zehar zein ertzain etxean gero, tratua umiliagarria izan da, neurriz kanpokoa, protagonistek beraiek kontatu duten bezala: eskuburdinak jarrita, biluzik, fitxatuta…”.
Tratua erabat neurriz kanpokoa izan zela salatu du elkarteak, “bortitza eta iraingarria”, nahiz eta Gipzukoako Fori Aldundiaren aurrean protesta egitera bildu ziren ostalarien eskaera erabat zilegi izan Ostariren arabera, “instituzioei ostalaritzarekiko konpromiso handiagoa eskatzera joan ziren, aipatu bezala, modu baketsuan”.
Horren harira, ostalaritzarentzat duintasuna, errespetua eta laguntza ekonomikoak aldarrikatu ditu Ostarik, “egoera ekonomiko lazgarria dute ostalari askok, ezin dute lanik egin, eta instituzio publikoak erabat abandonatuta, eta hori publikoki esateko eskubidea dute”.