[Galeria] Pedalkadak eman dituzte, Joanes Larretxea etxeratzearen alde
Presoa etxera hurbilarazteko dinamikari jarraipena eman dio Oiartzungo Sarek. Maiatzaren 8rako hiru tontor igotzera deitu dute.
Oiartzungo Sarek deituta, bizikleta martxa egin zuten atzo goizean herritik zehar. Gurutzen izan zuten abiapuntua, eta plazan bukatu zen. Hamarnaka lagun elkartu ziren, eta ehunka pedalkada eman zituzten Joanes Larretxea presoa etxeratzearen alde.
Bukaeran, eskaera zehatzak egin zituzten. COVID-19ak bizitzak baldintzatu dituela nabarmendu zuten, eta espetxeak ez direla salbuespen izan.
“Presoa eta bere familiaren arteko harremanean funtsezkoa den aurrez aurreko bisitak eten egin dira eta neurri honen ondorioz, Joanes eta bere familiaren arteko harreman zuzena eten egin da”, jakinarazi zuten.
Gogorarazi zutenez, Larretxea, azken hamahiru hilabeteetan, hiru aldiz egon da seme-alabekin. “Elkarrekin jolastu, laztanak egin, haurra besoetan hartu, muxu eman,…. Joanesi bere haurrekin egoteko eskubidea urratu zaio!”, salatu zuten.
Zuzeneko harremana berreskuratu
Larretxearen alaba gazteenak urte eta erdi besterik ez dituela azaldu zuten, eta oraindik aitarekin bost aldiz besterik ez dela egon. “Gaur-gaurkoz”, jarraitu zuten, “zuzeneko bisitak etenda daude eta ez dakigu noiz arte luzatuko den egoera hau”.
Oiartzungo Sarek bi eskaera egin ditu. Alde batetik, Larretxeak eta bere familiak zuzeneko harremana berreskuratzeko medioak jartzea. Bestetik, Larretxea eta familiaren arteko harremana errazteko, presoa Euskal Herriko espetxe batera hurbiltzea.
“Bi eskari horiei indarra eman eta presoen auziak konponbide oso bat behar duela eskatzeko lanean jarraituko dugu”, zehaztu dute.
Maiatzaren 8rako beste deialdi bat egin du Sarek. Zaria, Munanier eta Errolbideko tontorretaraino eramango dituzte aldarri horiek bera.