Pedalkadak eman ondoren, mendiko botak janztera deitu du Sarek
Maiatzaren 8an hiru tontorretara igoerak antolatu ditu Oiartzungo Sarek. Euskal Herri osoan 650 gailurretara igoko dira, konponbidearen alde.
Pasa den igandean, Oiartzungo Sarek deituta, bizikleta martxa egin zuten herrian. Joanes Larretxea presoaren euskal herriratzea eskatu zuten, baita familiaren bisitak jasotzeko erraztasunak ere.
Hurrengo astebururako mendi martxak antolatu ditu Sarek, Euskal Herri osoan. Guztira 650 tontor igoko dira, eta horietatik hiru Oiartzunen izango dira.
Horrela, maiatzaren 8an, oiartzuarrek Errolbide, Munanier edo Zaria gailurretara igotzeko aukera izango dute. Euskal presoen etxeratzea, elkarbizitza eta bakea aldarrikatuko dituzte mendi puntetatik. Hiru aukerak hauek izango direla jakinarazi du Oiartzungo Sarek:
- Errolbide: 08:30ean, Arditurriko meategietako aparkalekutik. 10:00etan, Arritxulon. 11:45ean Aiako Harriko Errolbideko tontorrean.
- Munanier: 08:30ean, Karrikako Artaso elkartetik. 11:00etan, Kauson. 11:45ean, Munanierreko tontorrean.
- Zaria: 09:00etan, Iturriozko pilotalekuan. 11:00etan, Kauson. 11:45ean, Zaria tontorrean.
