Ur lasaietako Piraguismoko Txapelketan izango da Pasaia Kayak
Iazko hutsunearen ondoren, Araban jokatuko dute aurten maratoiko txapelketa, datorren larunbatean. Baikor dago klub pasaitarra.
Iazko hutsunearen ondoren, berriz jokatuko da aurten Euskadiko ur lasaietako piraguismoko maratoiko txapelketa datorren larunbatean, eta bertan izango da Pasaia Kayak taldea, gogotsu: “2019an lortutako emaitza onak errepikatzeko asmoz” [bigarren izan ziren taldekako sailkapenean Getxon jokatutako iazko edizioan].
Uribarri-Ganboa udalerriko (Araba) urtegian jokatuko da aurtengo edizioa, ur lasaietako piraguismoaren modalitatean. Zehaztutako zirkuituari hainbat bira eman beharko dizkiote parte hartzaileek, eta bira bakoitzean kirolariek tarte labur bat lehorretik egin beharko dute, piragua eskutan, berriz ere ontziratu eta uretatik jarraitzeko.
3,4 kilometroko distantzia izango du bira bakoitzak, eta seniorrek 21.000 metro, juniorrek 17.000 metro eta kadeteek 12.000 metro egin beharko dituzte guztira.
Klub pasaitarrak talde indartsua eramango duela adierazi du konbikzioz: “Gizonezkoen senior kategorian azken garaile izandako Ion Carballo pasaitarra izango da garaipena berriro lortzeko faboritoetako bat, bere taldekide Iñigo Loisekin batera, bera ere K-2an Gorka Colomo taldekidearekin garaile izandakoa Getxoko edizioan, baina oraingo honetan bakarako lanean arituko da”.
Neskei dagokienez, Laura Zunzunegui pasaitarra eta Maddi Tarragona errenteriarra izan daitezke aukerarik garbienak Pasaia Kayak talderentzat, eta aipatzekoa da Tarragonak bere lehenengo proba jokatuko duela iaz pandemia iritsi aurretik neguko iraupen luzeko Euskadiko Txapelketan txapela lortu ondoren, eta hauxe izango dela, halaber, inoiz jokatuko duen lehenengo maratoia.