Jesus Mari Zamora eta Jon Bautista futbolariak omendu ditu udalak
Realaren «bi une historikoetan» parte hartu duten bi jokalari errenteriarrei aitortza egin zieten atzo Fanderiako futbol zelaian.
Jesus Mari Zamora eta Jon Bautista futbolariak omendu zituen atzo Errenteriako Udalak. Fanderiako futbol zelaian burutu zuten ekitaldia, eta besteak beste, bertan izan ziren: Zamora bera, Jon Bautistaren gurasoak, Aizpea Otaegi alkatea, Maite Gartzia kirol zinegotzia, Kirol azpisaileko Jexux Mari Ertzibengoa dinamizatzailea, Iñigo Susperregi, eta Touring, Beti Ona eta Orereta Kafe klubetako ordezkariak.
1981. urtean Realak irabazitako Liga gogoan izan zuten omenaldian parte hartu zutenek, eta 40 urte geroago garaipena errepikatu izana (Kopa irabazi zuen Realak apirilaren 3an) goretsi zuten. Bietan, Errenteria-Oreretak ordezkaritza eduki izana nabarmendu zuten; hain zuzen, Zamora lehenean lehiatu zen, eta Bautista azkenekoan. Hori horrela, bi garaipenen aitzakia baliatu nahi izan zuen udalak futbolariei aitortza egiteko.
Alkateak adierazi zuenez, «zortea» izan da «Realaren bi une historikotan» jokalari errenteriarren ordezkaritza edukitzea. Ekitaldia ixteko bi opari helarazi zizkieten Zamorari eta Bautistaren senideei: Errenteria 700 Ahotsa, Herri bat ulertzeko elkarrizketak/Conversaciones liburua, batetik, eta Idoia Lizeaga artistaren lore zentroa, bestetik. Horrekin batera, aurreko egunetan Zumardiko kioskoa apaintzen zuten Realeko banderak ere eman zizkieten omenduei.