Haurtzaro Ikastola eta Urmendi eremuetako «txikizioari» irtenbidea bilatzera deitu dute
Asteburu eta oporraldietan bertan elkartzen diren lagun kuadrillek «txikizioa» eragiteaz gain, dena zaborrez beteta uzten dutela salatu du Haurtzaro Ikastolak.
Aste Santuko oporraldian «txikizioa» pairatu dutela, beste behin, salatu berri du Haurtzaro Ikastolak ohar baten bidez. Ikastetxe eta Urmendi eremuetan kalteak eragin dituztela berriz ere adierazi dute hezkuntza zentroko arduradunek, eta asteburuetan zein oporraldietan errepikatzen den egora dela ohartarazi dute. Hori dela eta, «Haurtzaro Ikastolako Hezkuntza Batzorde eta Kontseilu Errektoretik, guraso, langile eta ikasleei deialdi bat egin nahi dizuegu, guztiok, egoera honekiko jakitun izan eta irtenbide bat bideratzeko eragile izan gaitezen».
Haurtzaro Ikastolak oharrean zabaldu duenez, ikastetxearen instalazioak eta inguruko eremua oiartzuarren eskura egon izan dira. Hala eta guztiz ere, «eremu baten erabilerak, zaintzeko ardura ere beharrezkoa du», gaineratu du. Izan ere, bertan elkartutako lagun taldeek «txikizioa» eragiteaz gain, «jolas eremuak zaborrez beteta» utzi ohi dituzte, tartean, «litxarreria plastiko, pizzen kartoi, edalontzi eta botilen kristalak» daudelarik, «txikienen segurtasunerako elementu guzti hauek dakarten arriskuarekin».
Hori horrela, «txikizioa» gelditzera, eta «irtenbidea» bilatzera deitu du hezkuntza zentroak, «guztion artean egin beharreko lana eta ardura dela nabarmenduz».