Iraunkortasun faktorea borrokatzera deitu du Duintasunak
Jubilatu eta pentsiodunak gogor datoz, bide luzea dute atzetik egina euren eskubideen eta zahartzaro duin baten aldeko borrokan, eta horretan jarraitzeko borondate irmoa erakutsi dute gaur berriro, "borrokan jarraituko dugu 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetzeko, besteak beste, iraunkortasun faktorearen erreforma".
Zenbat eta denbora gehiago bizi, orduan eta baxuagoa izango da pentsioaren zenbatekoa. Hori da iraunkortasun faktoreak ezarri nahi duena. Bizitzea, edo urteak betetzea zigortuko du zehazki. Erreformak proposatzen duen elementurik suntsitzaileenetako bat da Duintasunaren hitzetan iraunkortasun faktorea, “pentsioen sistema publikoa defendatu beharrean, pixkanaka, pentsio pobreen sistema publikoa bilakatu”.
Iraunkortasun faktorea doikuntza automatikoko sistema bat da. 2019rako zegoen aurreikusita, baina mobilizazioen bidez atzeratzea lortu zuten 2023ra arte. Bizi itxaropenak gora egiten duen heinean, hasierako pentsioa murrizten du, “bere funtzioa, erretiroaren osteko batez besteko bizi itxaropenaren igoera pentsiodunei ordainaraztea da”. 67 urterekin, batez besteko biztza itxaropenarekin kalkulatzen da pentsioa, bost urteko aldietan. Espainiako Estatistika Institutuak bizi itxaropenaren gainean egindako aurreikuspenen arabera 2049an, hau da 18 urte barru, %9 eta %18aren artean murriztuko lirateke pentsioak.
Neurria, “ikaragarri bidegabea” dela salatu du Duintasunak gaur, hileko lehen astelehenero egiten dituen elkarretaratzea eta manifestazioen testuinguruan. “Pentsioak jaistea da helburua, elite ekonomiko eta politikoek baliabideak handitzeko dituzten planen esparruan, betiko zekenkeria itsuarekin jarraitzen baitute, eta horrela, ongizate soziala murriztu”. Era berean, oraindik erretiroa urrun ikusten dutenei eta aurrezteko nalabaiteko gaitasuna dutenei, pentsio funts probatuetara jotzeko pizgarriak eman nahi dizkietela salatu du jubilatu eta pentsiodunen elkarteak.
Iraunkortasun faktorea ezartzea, pentsioen sistema publikoa ahultzearen sinonimoa dela gaineratu du elkarteak, “etorkizuneko pentsiodunak pobretu eta pentsio pribatuak bultzatzen ditu”. Pentsioen erreforma horrekin biztanleriaren gehiengoak galduko du Duintasunaren hitzetan, “erretirora iristean pentsio publikoarekin nahikoa euskarri ekonomiko izatea baita kontua”.
Jubilatu eta pentsiodunak gogor datoz, bide luzea dute atzetik egina euren eskubideen eta zahartzaro duin baten aldeko borrokan, eta horretan jarraitzeko borondate irmoa erakutsi dute gaur berriro, “borrokan jarraituko dugu 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetzeko, besteak beste, iraunkortasun faktorearen erreforma”.