Lezo Suspertuz bulegoa, herriko enpresa eta autonomoak laguntzeko
Donibane kaleko Kultura Aretoan jarriko dute bulegoa, asteartero 10:00etatik 14:00etara. Bertara joateko aldez aurretik ordua eskatu behar da.
Lezoko enpresa eta autonomoak laguntzeko egitasmoa abiatu du Lezoko Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan: Lezo Suspertu bulegoa. Pandemiarekin lotutako laguntza emateko sortu dute Oarsoaldea Suspertuz Plana, eta horren barruan dago Lezorako prestatu duten egitasmoa.
Bulegoak pertsona autonomo eta enpresei hurbileko orientazio eta aholkularitza zerbitzua ematea du xede. “Arazoak konpontzen, etorkizunari buruz hausnartzen, arazoei aurre egiten eta aukerak identifikatzen laguntzeko orientazioa jasoko dute. Horrez gain, testuinguru konplexu eta zalantzazko horretara egokitutako ekintza ildo berriak proposatzen ere lagunduko zaie. Beti ere zailtasunak identifikatu eta beste erakunde batzuk abian jar ditzaketen neurri osagarriak bilatzen saiatuko dira bulegoan”, zehaztu dute Oarsoaldea Garapen Agentziatik.
Lezoko bulegoa Kultura Sailaren egoitzan egokituko dute (Donibane kalea, 2), eta asteartetan emango du zerbitzua, 10:00etatik 14:00ak arte. Ekainaren 30ra arteko epean jasoko ditu lezoarrak. Aukera dago epealdi hori luzatzeko.
Bulegora joateko aurrez ordua hartu behar da, honako bideetatik:
- Ezarritako ordutegian bulegora hurbilduz.
- 943 49 41 29 telefono zenbakira deituz.
- Oarsoaldearen webgunearen bidez. (Egitasmoaren gaineko informazio gehiago dago hemen).