Sei orientazio ibilbide, pasaitarrak naturarekin aktibo mantentzeko
Badia ezagutu eta familian gozatzeko sei ibilbide proposatu dituzte, bina Donibane eta Antxon, eta beste bi San Pedro-Trintxerpe eremuan.
Pasaia Badia Aktiboa iniziatibaren barruan, lehenbizi, Eskola Kiroleko haurrak aktibo mantentzeko eta haiekin naturaren ezagutza lantzeko hainbat orientazio ibilbide sortu ziren. Udalak iritzi dio paseo horiek, haurrentzat ez ezik, herritar guztientzat eskuragarri egotea ere interesgarria dela, eta hala egin dute.
Pasaiaren berezitasun geografikoa kontuan izanda, sei ibilbide ezberdin sortu dituzte: Pasai Donibanen bi, Pasai Antxon bi, eta beste bi Pasai San Pedro-Trintxerpe eremuan. Barruti bakoitzean prestatutako ibilbideen zailtasun maila, luzera eta malda metatua ezberdinak dira. Honakoa da proposamenen zerrenda:
- Antxo. Molinao.
- Antxo. Molinao-Kutarro.
- Donibane. Lizeoa-Larrabide.
- Donibane. Kirolgunea-Mitxintxola-Alabortza.
- San Pedro-Trintxerpe. San Pedroko frontoia-Ostaberdeburu-Hilerria.
- San Pedro-Trintxerpe. Mendiola-Plata-Larranbide-Euskaltegia.
Plano guztiak eta informazio zehatza ikusgai dago Pasaiako Udalaren webgunean.