Kriselu Saria, Labandibarren 'Salaketa' lanarentzako
Pabellon 6 aretoko antzerki arin jardunaldiak bukatu ondoren eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri: oiartzuarrak irabazi du euskarazko lan onenaren saria.
Bilboko Pabellon 6 aretoak antzerki arineko jardunaldiak egin ditu egunotan. Hamabi egunez eskaini dituzte antzezlanak, eta horiek bukatzean, epaimahaiak erabaki du nori eman sariak.
Euskarazko lan onenaren Kriselu Saria Goiatz Labandibarren Salaketa antzezlanak lortu du. Jardunaldi hauetan estreinatu da oholtza gainean, eta modu ezin hobean hasi du bere ibilbidea. Mikel Martinez eta Gaizka Chamizo izan dira aktore lanak egin dituztenak. Bizkaiko Foru Aldundiak ematen du sari hori.
Alex Angulo Saria, berriz, Aitor Vildosolak idatzi eta zuzendutako El dilema de Otis antzezlanarentzat izan da, Paula Gereñuk eta Marina Yañezek antzeztua.
Datorren igandean —hilak 9— egingo dute sari banaketa, eta beste bi sarien berri emango dute. Alegia, Pabellon 6eko Antzerki Laborategiak ematen duen Interpretazio Onenaren Saria eta Ikusleen Saria.