[Erreportajea] Bertatik bertara ezagutzea, transmisiorako giltza
‘KantagiLtza’-ren bigarren zikloa Gorka Urbizuk hasiko du, hilaren 23an. Formatu berritzailea da Oiartzungoa, sortzailea hurbilagotik ezagutzeko.
Txartelik gabe batekin hasiko da KantagiLtza solasaldi musikatuen bigarren zikloa. Gorka Urbizu musikari nafarrak bi saio emango ditu hilaren 23an.
Eguraldi ona egingo balu, beste hogeina sarrera salduko dituzte egun berean, kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago.
Lagunarteko Garaia taldeak antolatzen du zikloa. Josu Delgado bertako kide da, eta nabarmendu du musikak elkartu zituela bertako kideak.
«Gitarra jotzeko elkartzen ginen, normalean, euskarazko kantak jotzeko. Taldearen harmonia harremanak berak ekarri digu, eta horrek piztu digu gogoa harago joateko eta beste gauza batzuk egiteko ere», adierazi du Delgadok.
Pentsatu zuten musikari horiek beraien artera eraman zitzaketela. «Utopia» hori gorpuzten hasi zen; beraien artera eramateko ideia hori herriari eskaini zioten. Horrela sortu zen KantagiLtza. Iaz Anari, Txuma Murugarren eta Eñaut Elorrieta ekarri zituzten Oiartzunera.
Beraien artera ekartze horrek, baina, ezin zuen betiko kontzertu formatua jarraitu: kontzertu ireki bat, jende askorentzakoa. Ez.
«Oreka» bilatu nahi zutela adierazi du Delgadok: «Saioek ezin zuten masiboak izan, jendeari aukera emate aldera. Jende kopurua, goxotasuna edo parte hartzea bermatzea kontuan izan behar ziren». Izan ere, hitza eta musika tartekatzen direnez, ezin dute formatu masifikatua izan.
Beste kezka bat ere akuilatu zuen Lagunarteko Garaia taldeko kideak: transmisioaren beharra. «Globalizazio eta digitalizazioaren garaian, gauzak asko aldatu dira. Guk bestelako harremana izan dugu musikarekin, eta ikusten dugu gaur egun gazte direnek beste modu batzuk dituztela funtzionatzeko. Nitasun batetik gutasun batera pasatu ginen, baina era berean, oso kontuan edukita transmisioak daukan garrantzi izugarria».
Zalantzak zituzten ea nola atera zitekeen, eta formatua bera esportagarria ez ote zen izango. «Funtzionatzen badu, zergatik ez izan zabal daitekeen zerbait? Kontzertu akustikoak dira; ez dute asko behar, ez dira oso garestiak».
Musikarien B aldea hobeto ezagutzeko aukera ematen du, «gertutik», eta euskal musikarien munduan murgiltzeko modu bat dela gaineratu du. «Euskal Herria herri txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar. Horri abantaila ateratzen ahal diogu. Ez da kapritxozko gauza bat izan».
KantagiLtza-ren beste bereizgarrietako bat tokia da: Arizmendieneko lorategia. «Denen onurarako» erabaki zuten emanaldiak hor egitea: udalak erabilera bat eman nahi zion eraikinari eta kanpoaldeari, eta zikloak agertoki «goxo» bat lortu zuen.
Balantze positiboa
Orain arte egindakoarekin «gustura» daudela ziurtatu du Delgadok. Hasieran zalantza eta ezjakintasun asko zituztela onartu du, baina argitu direla adierazi du, «eltzea sutan jarri» ondoren. Musikariei ordaindu beharreko katxea baxuagoa izan arren, ezezkorik jaso ez dutela jakinarazi du.
Publikoaren erantzunarekin kezka ere bazuten: ea hurbilduko zen, aspertuko zen, interesa piztuko zuten… «Iritsi zaiguna oso positiboa da, eta saioak bete dira».
Horrez gain, saioen funtzionaltasuna bera zen antolatzaileak duda-mudatan jarri zituena: «Iazko lehen saioa gutako batek dinamizatu zuen, eta bigarrenean Txuma Murugarrenek berak egin zuen. Hirugarrenerako Gotzon Barandiarani eskatu genion, eta oraingoan horrela izango da».
Aurkezle lanak egingo dituena eta taldea «sintonia berean» daudela iritzi dio Delgadok, «transmisioarekiko kezka» baduelako.
Gorka Urbizu, Olatz Salvador eta Niko Etxartek osatuko dute bigarren zikloaren mamia. Etorkizunean, akaso, gehiago izan daitezke herrira etorriko direnak, edo bestelako saioak antolatu. «Denbora guztian erne gabiltza, gauzak berritzeko edo moldatzeko».