Etxebizitza Bulegora hurbildu diren jabeen kopurua handitu da 2020an
ASAP programan parte hartzen duten etxejabeak gero eta gehiago izatea pozten du Oiartzungo Udala. Etxe hutsak dituztenak animatu dituzte.
Etxebizitza hutsak ASAP programaren bidez alokatzen dituztenak gero eta gehiago dira, Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez. “Hori berri pozgarria da udalarentzat”, adierazi dute.
Orain dela hiru urte jarri zuten martxan programa hori, herriko etxebizitza arazoari alokairu duinarekin erantzun asmoz. Etxebizitza Bulegoa ireki zuten Mamuteko Oarsoaldearen bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebide programarekin hitzarmena sinatuta.
Momentu honetan Oiartzungo 13 etxe daude programa honetan eta beste bi, alokatzeko prest (ASAPen webgunean ikus daitezke).
ASAPen helburua etxebizitza hutsak alokairu duinean merkaturatzea da. Alokairuaren prezioa Etxebidek jartzen du etxearen baldintzen arabera, eta Oiartzunen, gehienez ere 650 euro ordainduko du maizterrak.
Oarsoaldea Garapen Agentziak bideratzen ditu informazioa eta tramiteak Etxebizitza Bulegoaren bidez, bai etxejabe zein maizterrentzat.
ASAP programak etxejabeari aseguru hirukoitza eskaintzen dio, baita Oiartzungo Udalaren diru laguntzak ere (berrikuntzak egiteko eta lehenengo urtean, alokairutik jasotzen duena osatzeko).
Maizterrei, berriz, Etxebiden izena emateko tramitea egiten laguntzeaz gain, herrian alokairura aterako diren etxebizitzei buruzko lehentasunezko informazioa ematen die.
ASAP ezagutzeko deia
Etxebizitza hutsen bat duten jabeak animatu ditu udalak, ASAP ezagut dezaten. Zehaztu dutenez, programaren onurak agerikoak dora bai jabeentzat —diru sarrera ziurtatua, etxebizitzaren mantenua bermatua izatea…— eta herriarentzat berarentzat ere. Modu horretan, etxe huts gutxiago egongo lirateke, eta emantzipatzeko aukera gehiago.
Etxebizitza bulegoari buruz
- Ordutegia (hitzordua hartzeko): Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.
- Helbidea: Astigarragako bidea, 2. Mamut merkatalgunea bulegoak, 2. solairua (Oarsoaldea Garapen Agentzia).
- Telefonoa: 943 49 41 29.
- E-posta helbidea.