Lekuona Fabrikarako inbertsioan "gardentasun falta" salatu du PSE-EEk
Lekuona Fabrikaren kudeaketa ereduaren eta urtero izango duen kostuaren gaineko informazioa ere eskatu du PSE-EEk.
Epe laburrean zabalduko ditu ateak Lekuona Fabrikak. Horren harira, prentsa oharra helarazi du alderdi sozialistak komunikabideetara fabrika berriaren kostuaren gaineko “gardentasun eza” salatzen. “Hilabeteak daramagu informazio hori eskatzen, Lekuonak zenbateko kostua izan duen galdetzen, eta gaur gaurkoz, jakina badakigu alkateak emandako informazioaren arabera 11,4 milioiko kostua izan duela, baina ez dugu gastuen xehatzerik”, esan du Isaac Palencia PSE-EEko bozeramaileak.
Informazioa ez jasotzeko “arrazoiren bat” izan behar duela sinistuta azaldu da Palencia, “ez dugu gastua justifikatzen duen agiririk ere jaso”. Harago jo du, eta EH Bilduk “azalpen ugari” eman beharko dituela erantsi du: “2016ko iraileko plenoan, orduan alkatea zen Julen Mendozak esan zuen 6.462.306 euroko kostua izango zuela Lekuonak, idazketa, proiektuen zuzendaritza, herritarren parte hartze prozesua, kontsolidazio lanak, moldaketa eta ekipamendua barne. Orain 11,4 milioi euroz ari gara. Azalpenak eman beharko dituzte gainkostuaren inguruan”.
Lekuona Fabrikaren kudeaketa ereduaren eta urtero izango duen kostuaren gaineko informazioa ere eskatu du PSE-EEkoak.