Gorputzaren pisua
Gorputza eta arima, gorputza eta kontzientzia, gorputza eta gogoa, gorputza eta pentsamendua… Kontzeptu baten edo bestearen pean, baina bereizketa oso errotuta dugu gure kulturan. Oso gorpuztuta. Eta gorpuztuta izateaz gain, mailakatuta; ez du alferrik errepikatu kristautasunak, mendez mende, arima hilezkorra lotzen duen bekatuen sorleku dela gorputza, ustelkorra eta usteltzailea.
Gorputzik izango ez bagenu bezala pentsatzen dugu sarritan —batzuek bururik ez balute bezala ere bai…—; gorputzaz ahaztuta bezala bizi gara. Eztabaidatzen dugu planteamendu utopikoez, amesten ditugu etorkizuneko asmo eta planak, kontatzen ditugu iraganeko gertaera gogoangarriak eta damuak, zerrendatzen ditugu bizitzarako helburuak, urte berrirako asmoak… Hitza, pentsamendua, diskurtsoa; gorputzetik goragoko esfera batean bageunde bezala. Portzelanazkotzat dugun gorputz —eder, laudagarri, apaingarri— baten gaineko buru kasik airezko batek bizi gaituela dirudi.
Kontraesankorra irudi lezake baieztapenak, ukaezina baita itxurak ere —gorputzak, beraz— berebiziko garrantzia duela bizi garen gizartean: zimurrak ezkutatzeko krema magikoak erosten ditugu, M tailla beharrean S behar dugula ikusteak poztu egiten gaitu, argaldu egin denari ederrago dagoela esaten diogu —amonaren batek edo bestek oraindik erresistentzian jarraitzen duen arren gizendu denari mejoratu egin dela esanez—, gimnasioetan ematen dugu izena. Ez noa ukatzera gorputzak gure gizartean duen pisua; egunerokoan gorputz zuriak, gorputz argalak, gorputz maskulinoak duen eragina. Baina gorputz-gorputzaz ari naiz ni: hesteez, azkazalez, sudur zuloez.
Badirudi begi-bistan dagoen horretan geratzen zaigula begirada; portzelanazko irudiak barrua huts-hutsik duela. Alabaina, hesteetan egosten zaizkigu depresioak eta euforiak, azkazal arteetan ezkutatzen beldurrak, sudur zuloetan trabatzen ilusioak. Bizipenek garamatzate pentsatzera; sentimenduek, diskurtsoak sortzera. Hezur-haragizkoak ditugu hitzak. Odolezkoak, izerdizkoak. Hankak lurrean jartzen dizkigun gorputz honi iheska gabiltzan arren, gorputzarenak dira hitzak, gorputzarenak pentsamenduak, gorputzarenak diskurtsoak.
Ozenago edo baxuago, negar-zotinka edo algara betean, gorputzak etengabe hitz egiten du. Entzuten jakin behar.