Brontzezko domina Pasaia Kayakentzat, Espainiako Piraguismo Txapelketan
Azken asteburuan jokatu da txapelketa, Pontevedran, maratoi modalitatean. Klub pasaitarrak iritzi dio emaitza "bikainak" lortu dituztela palistek.

Laura Zunzunegi, proba bukatu ondoren.
Joan den asteburuan jokatu zen Pontevedran (Galizia) Espainiako Piraguismo Txapelketa maratoi modalitatean. Txapelketa ezin hobeto hasi zen pasaitarrentzat Laura Zunzunegi antxotarrak junior mailan lortutako brontzezko dominarekin. 19.000 metroko ibilbidea 1h:34m:24s-ko denboran bete zuen, hurrengoari 2 minutu eta 28 segundoko aldea aterata.
Meritu handikoa, halaber, kadete mailan talde pasaitarreko bi ordezkariek egindako lana. Maddi Tarragona errenteriarrak zazpigarren postua lortu zuen, Maialen Vitoria taldekideak bederatzigarrena, modalitate honetan egindako bere lehenengo proban. “Gainera”, nabarmendu dute arduradunek “lehen urteko kadetea da oraindik ere, eta modalitate honetan ondo molda daitekeela erakutsi zuen”.
Asier Amiama 23 urtez azpikoen kategorian lehiatu zen, 26.200 metroko ibilbidea 2 orduko langaren azpitik betez, eta seniorren kategoriako K-2ak, aitzitik, ez zuen inolako zorterik izan igandeko proban, Ion Carballok eta Iñigo Loisek proba utzi egin behar izan baitzuten lehenengo laurdena bete aurretik, lema erabat hondatu egin zitzaielako, aurreko talde hautatuan zihoazenean.
Balorazio orokorra eginda, klubak iritzi dio palistek lorturiko emaitzak “bikainak” direla talderentzat, eta orain larunbatean Pasaian jokatuko den K-2 ontzien Euskadiko Txapelketa prestatzen hasiak dira, 5.000 metroko distantzia bakarrean kategoria guztientzat, kasu honetan.
