Euskara eta feminismoa uztartzeko tailerra egingo dute hilaren 24an
'Euskara eta feminismoa: iragana eta etorkizuna aletzen' izenpean, emakumeen eta hizkuntzaren arteko elkargune bilakatuko dute Antxoko Kultur Etxea.
Hilaren 24an Euskara eta feminismoa: iragana eta etorkizuna aletzen izeneko emakumeentzako tailerra antolatu du Pasaiako Udalak Pasai Antxoko Kultur Etxean, 18:30ean, Edurne Epeldek eta Eider Perezek gidatuta. Emakumeen eta hizkuntzaren arteko elkargunea lantzeko saioa izango da.
Feminismoak eta euskalgintzak munduan egoteko eta eragiteko praktika, diskurtso eta iruditeria berriak eraiki nahi dituzte. Lan hori egin ahal izateko beharrezkoa da atzera begiratzea, memoria egitea eta jasotzea, erresistentzia praktika gisa.
Tailerrak feminismoaren eta euskararen arteko elkargunea izan asmo du. Batetik, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan Pasaiako emakumeek eginiko lana aitortu eta erreferenteak ikustarazteko; eta bestetik, hizkuntza ez hegemonikoen eta feminismoaren arteko harremanari buruz hausnartzeko.
Tailerreko kideen parte-hartzean oinarritutako tailerra izango da; bertaratuek hitz egiteko eta elkarri entzuteko aukera izango dute. Horrez gain, gorputzean arreta jarri eta gorputzaren memoria esnatzeko eta aktibatzeko hainbat jolas eta ariketa proposatuko dira.
Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du Bibe plataformaren bidez edo Pasaiako Udalaren Euskara Sailera deituta: 943 34 40 34 (916).