Emakumeen sare publiko-komunitarioa, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eraikitzen hasteko
Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta integrala eskainiko dien proiektu pilotua abiatuko du udalak III Berdintasunerako Planaren barruan onartu duen Indarkeria Matxistarik gabeko bizitzak ardatzaren barruan. Aurten jarriko du martxan Berdintasunerako Kontseilutik sortu eta alderdi politiko guztien adostasuna jaso duen ardatzaren barruko proiektuetako bat.
III. Berdintasunerako Planak barnebiltzen dituen lau ardatz estrategikoetako lehena aurkeztu zuen udalak joan den astean. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatza da, zehazki, aurkeztu zuena. Aipea Otaegi alkatea udal talde politiko guztietako ordezkariekin batera agertu zen prentsa aurrean, aho batez eta guztien adostasunarekin onartutako ardatza delako.
Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatza osatzeko prozesua eta horren barruan garatuko dituzten proiektuak, prozesuaren ernamuina izan den Berdintasunerako Kontseiluak aurkeztu zituen atzo. Ez ziren atzoko agerraldian izan kontseilukide guztiak, baina denei, bertaratu zirenei, zein ezinezkoa izan zutenei, eskerrak eman zizkien Itziar Ostolaza Berdintasun zinegotziak eta kontseiluko kideak, eta egiten duten lana aitortu. Guztien artean aletu zituzten planak lehen ardatz izango duen hori. Anbizio handiko plana ontzen ari dira, eta hura artikulatzeko eredua ere irauli dute. III. Berdintasunerako Planak lau ardatz estrategiko izango ditu, eta banaka ari dira lantzen bakoitza, berariaz, gehiago sakontzeko.
Atzo aurkeztu zuten ardatzaren atzean edo oinarrian, Berdintasunerako Kontseiluaren lana dago, hala aitortu zion Ostolazak, “motor da, eta hala izango da beste hiru ardatzetan ere, eta ondorioz, lan osoan”.
Izenak erakusten du ardatzaren misioa. Indarkeria matxistarik gabeko udalerria dute amets eta helburu, eta lanketa horretan aurrera urratsa egin du udalak. Ardatzaren edukian barrena murgildu aurretik, ibilbideari erreparatu zion Ostolazak. Bi Berdintasunerako Plan izan ditu aurretik udalak martxan; 2008an abiatu zuen lehena, eta hark eman zion bide Berdintasunerako Kontseiluari. Bigarrena, 2013-2016 epealdirako ondu zuen udalak, baina oraindik ere, plan hori da indarrean dagoena. Horren arrazoia, tartean Emakumeen Etxearen prozesuari lehentasuna eman zaiola da. “Hautu kontziente bat izan zen, kontseiluak berak hartu zuena udal talde guztiek babestuta, hain zuzen ere, III. Berdintasunerako Plana testuinguratzeko garrantzitsua izan zitekeelako Emakumeen Etxearen prozesua eta etxea bera martxan izatea. Finean tresna ezinbestekoa da berdintasun politikei inpultsoa emateko, eta hortik harago, gobernantza ereduarentzat, politika feministentzat eta udal politikentzat ere urrats kualitatiboa izan da”, azaldu zuen Ostolazak.
Emakumeen Etxea martxan dela murgildu dira, beraz, III. Berdintasunerako Plana marrazteko bidean Berdintasunerako Kontseilua hezurmamitzen duten emakumeek. Pandemia betean egin dute lanketa hori, baina ez da oztopo izan, hutsik egin gabe jarraitu dutelako lanean egoerak agindutakora moldatuta.
Indarkeria matxista ezabatzeko ardatzaren lanketa 2020ko uztailean abiatu zuten, eta aurtengo otsailean amaitu. Hiru fase izan ditu bide horretan lanketak: 44 emakumeren parte hartzea izan duen diagnostiko faseak; praktika onak ezagutzeko mahai-inguru fasea; eta kontraste eta proposamen fasea, azkenik. Onarpena, hilabete honetan bertan heldu da. Fokua praktika onen lanketan jarri zuen Ostolazak atzoko aurkezpenean bereziki, “aberasgarria oso izan delako, baita garrantzitsua ere diagnostikoan egin dugun herriaren argazkiaren inguruan izan daitezkeen praktika onak ezagutzeko”.
Indarkeria matxistaren gorakada
Diagnostikoaren faseak, aukera eman die indarkeria matxistaren argazkia egiteko udalerrian. Emakumeen artapena egiteko ateak eta bideak ezberdinak direla eta datuen iturriak ere hala direla zehaztu zuen Ostolazak. Diagnostikoan, 2017 eta 2020 urteen arteko datuak bildu dituzte. Ondorio nagusi batzuk atera dituzte horiei erreparatuta: indarkeria matxistak gorakada nabarmena izan du urte horietan zehar. Horrekin batera, Emakumeen Etxea espazio esanguratsua bilakatu dela indarkeria pairatzen duten emakumeak artatzeko ere ondorioztatu dute.
Beste datu esanguratsu bat, indarkeria matxista salatzen duten emakumeen adin tartea; bereziki, 21 eta 50 urte arteko emakumeek egiten dute salaketa. 65 urtetik gorakoek ez dute ia salaketarik jarri izan denbora tarte horretan, eta adin txikikoen kasuan, salaketa kopurua txikia bada ere, esanguratsua dela adierazi du Berdintasun zinegotziak.
Diagnostikoak beste datu asko utzi ditu agerian, eta ideia bat nabarmendu zuen Ostolazak: “Emakumeen artapenerako hiru ibilbide ditugu egun: Ertzaintza, Gizarte Zerbitzuak eta Emakumeen Etxea. Ondorioztatu da, Ertzaintzaren bidea hartzen duten emakumeen gehiengoa ama dela, salaketak jartzeko garaian bada kasuistika bat oso lotuta dagoena ama izatearekin eta adin txikikoen babesarekin. Gizarte Zerbitzuen ibilbidean, berriz, behar ekonomikoak dituzten emakumeen profila gailentzen da. Aldiz, Emakumeen Etxearen ibilbidea hautatzen duten emakumeen artean askoz ere aniztasun handiagoa dago profil horietan eta biktimario horren izaeran”. Argazki berria dela honakoa erantsi zuen.
Hamar urterako begirada eta 30 proiektu
Ardatza, hamar urterako begiradarekin eraiki dute; hala egingo dute beste hiru ardatzekin ere. Bide horretan, baina, hiru urterako plan zehatza ondu dute urterik urte hainbat ekintza sorta izendatuta. Ekintza sorta horiek, lau lan ildoren arabera antolatu dituzte, honakoak dira: prebentzioa, sentsibilizazioa eta kontzientzia hartzea —12 ekintza sortarekin—; artapen integrala, berraktibazioa eta ahalduntzea —6 ekintza sorta—; erreparazioa, memoria eta erantzun instituzionala —6 ekintza sorta—; eta koordinazio interistituzionala —6 ekintza sorta—. Laburbilduz, ardatz bat, lau lan ildo, eta 30 ekintza zehatz.
30 ekintza horietako birekin, proiektu pilotuak abiatuko dituzte. Bi proiektu horiek jauzi kualitatiboa suposatu dutela nabarmendu du Ostolazak. Bigarren lan ildoan, hau da, Artapen integrala, berraktibazioa eta ahalduntzea lan ildoan kokatuta dago proiektu pilotu horietako lehena. Ildo horrek, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen arreta nolakoa izan behar duen ezartzen du zerbitzu guztietatik eta indarkeria matxista mota guztien aurrean. Esku hartzearen helburua, indarkeria egoerei aurre egiten ari diren emakumeak indarkeria hori gabe bizitzea da, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eraikitzen lagunduko dieten erakundeen babesa izatea.
Artapen hori integrala izango dela bermatzeko, Errenteria-Oreretan, emakumeez osatutako bide laguntza sare bat eraikitzea da proiektu pilotua. Sistema gisa, “hutsune” nabarmenak daudela agerian jarri du Ostolazak: “Instituzioek emakumeak artatzeko dugun ekosistema honetan eskumen ezberdinak daude, ez dugu lortzen emakume horiei artapen integral bat eskaintzea. Horrek galdera bat sortzen digu, eta hala jasota dago planean, ea instituzio bat gai den bere horretan artapen hori bere osotasunean eskaintzeko”. Zalantza hori mahai gainean badute ere, horrek ez duela esan nahi gaur egun egiten dutenetik harago joan behar ez dutenik, kontrakoa baizik. Gaur egun dauden zerbitzu eta dinamikak sakontzera jo behar dute, baina onartuta, badagoela eremu bat instituzioetatik artatzea oso konplexua dena: “Praktika onak gurera ekarri genituenean, Bartzelonako esperientzia kasu, jaso genituen ideietatik bat izan zen lanketa publiko komunitarioa baliatzea, komunitatearen indarra eta babesa baliatzea emakumeen artapen integral horretan bide laguntza eskaintzeko. Hori da martxan jarriko dugun proiektu pilotua; udalak baliabide ekonomiko eta azpiegitura eskainiko dion lan boluntariotik edango duen proiektua abiatzea, lanketa publiko komunitarioaren bidez, laguntza behar duela sentitzen duen emakume oro, artatua izan dadin”.
Mugimendu feministak azken urte luzeetan mahai gainean jarri duen gako bati erantzuna ematera datoz, Neurri asistentzialistak gainditu beharra galdegin du feminismoak, indarkeria matxistari erantzun estrukturala emateko. “Instituzioak oso perspektiba asistentzialistatik erantzun dio, errekurtsoen mugen ondorioz ere. Emakume bat artatua izateko, ebaluatu ere egiten dute Gizarte Zerbitzuen itinerario horretan, eta ondorioz, esan dezakegu, epaitua ere izaten dela. Ebaluazio horren barruan jasotzen ditu laguntza gehiago edo gutxiago. Emakumeen Etxeak erakutsi diguna izan da, nahikoa dela emakume batek laguntza behar duela sentitzea, artatua eta entzuna izateko. Gure nahia, udal gisa, bide horretara igarotzea da. Laguntza beharra sentitze soila nahikoa izatea laguntza eskaintzeko; ulertuta, laguntza horrek modu eta forma oso anitzak har ditzakeela”.
Arreta integralaz hitz egiterakoan esparru publikoa eta komunitarioa eskutik joatea garrantzitsua dela ohartu direla ere esan du Ostolazak.
Proiektu pilotu horren lanketan buru-belarri ari dira, eta aurten jarri nahi dute martxan. “Hasieran oso xume eta umila izango da ziurrenik. Zein bide egingo duen ikusi behar dugu, jakinik ez dugula inguruan halako proiekturik martxan jarri duen erakunderik. Bide hori jorratzen hastea da helburua”.
Erreparazioa eta memoria
Bigarren proiektu pilotua, Erreparazioa, memoria eta erantzun interinstituzionala lan ildoaren barruan dago kokatuta. Ildo horretan, indarkeria matxista publikoki salatzeko eta emakumeen memoria biltzeko ekintzak jaso ditu udalak, “funtsezkoak baitira giza eskubideak errespetatu eta betetzen direla ziurtatzeko”.
Latinoamerikatik inspiratzaileak izan diren esperientziak jaso dituztela azaldu zuen Ostolazak. Horri, zor historikoa dutela gehitu zion, indarkeria matxista pairatu duten emakumeekiko, eta zor hori erreparatu behar dutela udal eta herri gisa. Hori da bigarren proiektu pilotuaren helburu nagusia; oraindik diseinatu gabe dago, baina aitortzarako iniziatiba jorratzea suposatuko du, indarkeria matxista sufritu duten emakumeen errelatoak oinarri izango dituena.
Sare publiko komunitarioa osatzeko irizpideak
Lehenengo proiektuarekin lotuta, emakumeen sare publiko komunitario osatzeko garaian arlo ugari izan behar dituztela kontuan azaldu zuen Ostolazak. Argi dago, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen artapenak egokia behar duela, prestaketa bat eskatzen duela gutxienez egokia izan dadin. Horri begira, bide laguntza hori diseinatuko duen pertsona bat kontratatu du udalak. Emakumeen Etxeko laguntzaz, Berdintasunerako Kontseiluarekin eskuz esku modu kolektiboan diseinua egingo du: “Horren barruan zein formazio plan eraiki beharko den boluntario ariko diren emakumeentzat, zein profil behar duen, boluntarioen zaintza nola artikulatuko den akonpainamendua egiteko… orain definitzen hasi gara. Arlo garrantzitsua da, oso garrantzitsua delako sare hori zaintzea, eta diseinu hori ere modu kolektibo eta adostuan diseinatuko dugu”.
Anbizio hain handiko plan batekin lan egitea zer suposatu duen ere kontatu dute Berdintasun Kontseiluko kideek. Karmele Fernandez Boga da kide horietako bat, mugimendu feministan bide eta lan luzea egina duena. Hitz bakarrarekin definitu zuen mahai gainean lanketa luze, sakon eta oso kontziente baten ondorio den III Berdintasunerako Planaren lehen ardatza: Zirrara. Horri ardura eta erantzukizuna ere gehitu zizkion, “berriak direlako planteamenduak eta halako esperientzia gutxi direlako. Martxan jarri behar dugu, denbora behar dugu eta gure esku dago. Gakoa da informazioa egoki zabaltzea, eta lortu behar dugu sare hori emakume askorekin osatzea. Erronka handia da”.
Memoria eta erreparazioarekin lotutako proiektu pilotuaz ere hitz egin zuen, hori are zirraragarriagoa iruditzen zitzaiola azaltzeko, “esperientzia gutxi daude, eta herri honen historiari falta zaion atal bat da. Indarkeria sufritu duten emakumeei eskaini behar zaie hitzez kontatzeko aukera, memoria kolektibo bat da osatu nahi duguna. Esperantzarekin eta ardura handiarekin egingo dugu lanketa”.
Konplizitatea aipatu zuen Nati Rufok. Borroka feministaren beste ordezkari historikoetako bat da udalerrian, “konplizitatea behar da aurrera ateratzeko. Berritzailea da eta hala den neurrian, ilusionagarria ere bada. Sare publiko komunitario hori agerian uztea erronka da, boluntarioak biltzea bertara. Uste dut urrats berriak egin behar ditugula, batez ere aurrerapauso izango diren urrats berritzaile. inteligente eta ausartak, betikotik ateratzen direnak eta moldeak apurtzen dituztenak, emakumeontzat eta gizartearentzat”.
Atzo aurkeztu zutena lehen ardatza da: III Berdintasunerako plana osatuko duten beste hirurak, honakoak: Bizimodu eramangarriak —apirilean hasi ziren lantzen eta azaroan amaitzea aurreikusi dute—; Gobernu Ona —aurtengo irailetik 2022ko apirilera landuko dute—; eta, Emakumeen Ahalduntzea —2022ko hasieran abiatu eta 2022ko ekainean amaitu—. Kontuak horrela, plana osotasunean 2022ko ekainean onartzea aurreikusi dute.