Realeko izarren campusa jasoko du Plazetak
Ane Etxezarreta eta Kiana Palacios Futbol Kanpusa jasoko du Plazetako futbol zelaiak ekainaren 21etik 25era. Zabalik da izena emateko epea. 8-14 adin tartekoentzat da.
Loiri Aisialdia eta Kirola eragileak, Allerru Futbol Elkartearekin elkarlanean, 8-14 adin tarteko haurrentzat futbol campusa antolatu du ekainaren 21etik 25era (biak barne), Plazetan. Futbolean trebatzeko aukera izango dute nahi duten guztiek, ez nolanahi gainera: Ane Etxezarreta eta Kiana Palacios Futbol Kanpusa izena jarri diote jarduerari antolatzaileek. Entrenatzaile tituludunek gidatuko dituzte eguneroko saioak, eta Realeko emakumeen taldeko bi jokalariak dituzten aukeren arabera (entrenamenduak eta lana) joango dira Plazetara dakitena erakustera.
Zabalik dago campusean izena emateko aukera, Loiriren webgunearen bitartez. Bost eguneko trebatze saioen prezio orokorra 95 eurokoa da, baina Allerruko jokalariek beherapena dute, 89 eurokoa da haientzat prezioa. Plaza muga dago, eta horiek betetzerakoan itxiko da izena emateko aukera.
Eguneroko ordutegia 09:00etatik 14:00ak artekoa da. Lanera joan behar duten gurasoek, baina, 08:00etan utz ditzakete haurrak Plazetan, zerbitzu hori ere ematen baitute antolatzaileek, nahiz eta saioak 09:00etan hasi.
Prezio horren barruan campusaren ekipazio ofiziala, ekintza guztiak, entrenatzaile titulatuen jarduna eta antolatzaileek adierazi dutenez “hainbat sorpresa” daude. Eguneroko zereginen berri izateko, joan antolatzaileek webgunera.