Aintzane Usandizagaren eleberria, Irakurketa Taldearen azken aurrekoa
Oiartzungo Irakurketa Taldea asteartean bilduko da, bibliotekan. Azkeneko saiorako Oier Guillan gonbidatuko dute, 'VHS'-ri buruz hitz egiteko.
Oiartzungo Irakurketa Taldea datorren asteartean —hilak 18— elkartuko da, Aintzane Usandizagaren Kabitu ezina liburuari buruz hitz egiteko. 20:00etan bilduko dira ikasturteko azken aurreko saioa egiteko.
Azkenekorako plana badaukate. Gonbidatua izango dute, ohi bezala. Ez da urrutitik etorriko, Oier Guillan izango baita ikasturteari bukaera emango dion idazlea. VHS eleberriari buruz arituko da ekainaren 24an. Behean, eleberriaren sinopsia, eta esteka honetan klik eginda, Guillanek Hitzari emandako elkarrizketa:
“Zer gelditzen da zure ametsak bete gabe geratu ostean?”, galdetu du Ilehoriak. “Pertsona are interesgarriago bat”, erantzun dio detektibeak, jostalari.
Victor aktorea Madrilen hil zen auto istripuz, pailazo sudurra jantzita, eta haren hiletara ez zen ia inor joan. Kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatu du heriotza hura ikertzeko. Izan ere, zergatik hil zen istripuz Victor? Nork hil zuen inork hil ez zuena? Zer lotura du haren heriotzak elkar ezagutu zutenean grabatutako VHS zintarekin? Ilehoriak esku bat emango bailuke zinta hura berreskuratzearren.
Ez du argi zeri buruz hitz egin zuten, baina gogoan du Merlinerekin Andaluziara egindako bidaia iniziatikoa, nola bisitatu zuten Lorcaren herria, nola ezagutu zituzten La Marabunta antzerki konpainiako kideak, nola izan zen hura guztia pizgarri bere ibilbide artistikoarentzat. Ilehoriak gorputz hartara itzuli nahiko luke, orduko sentsazioak berreskuratu, oroitu, baina ezin du.
Agian memoria beti delako ariketa kolektiboa. Agian orduko lagunak behar dituelako gertatu zena gogoratzeko. Agian lagun baten heriotza konpondu ezineko matxura delako denboraren makinan.