Aniztasunaren itsasoan norabide berean arraunean
Maiatzaren 25ean Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horri begira, Errenteria 11 Kolore iniziatibaren seigarren ekitaldia antolatu du Errenteriako Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.
Errenterian 11 kolore jardunaldien aurkezpena Hibaikaren egoitzan. Maiatzaren 25ean Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horri begira, Errenteria 11 Kolore iniziatibaren seigarren ekitaldia antolatu du Errenteriako Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, eta bihartik hasita astebetez, egitarau askotarikoa ondu du udalerrian aniztasuna eta aberastasun kulturala ospatzeko.
Jose Ramon Gurrutxaga Kultur Aniztasuna azpisaileko zinegotzi arduradunak eman ditu xehetasunak. Udalak antolatzen ditu jardunaldiak, baino ez du bakarrik egiten eragile sare konplize bat du atzean, eta oraingoan ere, horrela osatu du egitaraua. Horretarako, kultur aniztasunaren itsasoan, elkarrekin ari direla arraunean irudikatu zuten atzo egin zuten agerraldian. Oiartzun ibaian egin nahi zuten agerraldia, baina eguraldi txarrak asmo hori oztopatu eta Hibaika elkartearen fosoan egin zuten azkenean, arraunak eskutan, udala eta eragileak norabide berean arraunean ari direla adierazteko. Burubeltzek, aniztasunaren buruhandiak, eta bere konpartsako bi kidek ere ez zuten kale egin atzoko hitzordura, eta aniztasunari beraien kolorea gehitu zioten.
Aurten bereziki hizkuntza aniztasuna jarri nahi dutela lehen lerroan azaldu zuen Gurrutxagak, “herri honetan lehen eskutik dakigulako zein garrantzia duen hizkuntzaren altxorra ez bakarrik babestea, baita aurrera egiten laguntzea ere. Eta herri honetan, zorionez, oso aberatsak gara hizkuntzetan ere, hizkuntza ugariko herria bihurtzen ari garelako”. Hizkuntza, gramatikatik harago, bizipena dela erantsi zuen Gurrutxagak, “aurten hizkuntzak egin nahi izan ditugu ikusgarri, askotan, ikusten ez dena, ez delako existitzen. Gu bagara, hizkuntza bat dugulako”
Jardunaldietan antolatutako ekintzak, zazpi denera, online eta aurrez aurre izango dira, betiere COVID-19aren pandemiarekin lotutako segurtasun neurriak errespetatuz. Iniziatibaren ingurukoak zein ekintzak biltzen dituen web orrian egitaraua kontsultatzea dago, baita edukiak antolatuta sei ateetan.
Bihartik zabalik izango da Errenkoaldeko kide diren saltokietan 11 ibilbide erakusketa. HHI Helduen Hezkuntza Iraunkorreko 38 ikaslek sortutako erakusketa da. Sukaldaritzak ere izango du bere tartea aurtengo jardunaldien egitarau barruan, 11 zapore ekintzaren bidez. Aldatuta heldu da aurten, izan ere profesional baten eskutik eta Peñascal Fundazioaren laguntzarekin, masterclass bat egingo dute sukaldean aniztasuna txertatzen ikasteko. Hilaren 17an izango da, astelehena, 11:00etatik 14:00etara, eta parte hartzeko izena eman beharko da aurretik 662 94 46 26 telefono zenbakira deituta, edota posta elektronikoz.
Gobernuz Kanpo Erakundeen lana ere ikusgarri izango da aurtengo ekitaldian. Online izango da hilaren 17an, 18:00etan hasita, eta egiten duten lana erakusteaz gain, herritarrek galderak egiteko tarte bat izango dute. Web orrian jarraitu beharko da.
Bigarren erakusketa bat ere antolatu dute. DBHko Errenteria-Oreretako ikalseek sortutakoa da eta 11 auzo eta kolore izenburupean, iazko 11 etxe eta kolore erakusketaren jarraipena da. Telleri Alde ikastetxearen inguruetan izango da ikusgai hilaren 18tik aurrera eta bi asteetan.
Aniztasunaren bandera sortu dute
Berrikuntza SOS Arrazakeria elkartearen eskutik heldu da. Elkarteak egindako Dos familias film laburra ikusteko aukera iznago da . Errenteriako bi familia migranteen bizipenak bildu dituzte film horretara. Ondoren, solasaldia egingo dute protagonistekin. Maiatzaren 19an, asteartea izango da hori, 18:00etan, Niessen auditorioan. Gonbidapena jaso beharko da aurretik Bibe.me plataformaren bidez edo Niessen Kulturguneko harrera bulegoan.
Beste jarduera berri bat, Aniztasunaren aldeko mundua mosaikoaren estreinaldia. Nawal eta Amin artistek sortu dute. Estreinaldi hori, hilaren 20an izango da, osteguna, 18;:00etan, eta online egingo da.
Astea amaitzeko, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek urte osoan zehar egindako lanak jarriko die ginga jardunaldiei. 400 ikaslek ikasturtean zehar kultur aniztasunaren gaiari lotuta egin dsuten ipuina aurkeztuko du Kontukantoi elkarteak. Hilaren 21ean izango da ekintza hori, Xenpelar Etxean eta aurrez erreserba egitea ezinbestekoa da, 662 94 46 26 telefono zenbakira deituta, edota posta elektronikoz.
Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunarekin lotuta gainera, udalerriko hainbat biribilgunetan Burubletz jarriko dute, eta Maite Rosende margolariak sortutako aniztasunaren bandera berria esterinatuko da herriko sarrera nagusiko biribilgunean.
Udaletik antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
