Antxo eta Trintxerpe garbituko dituzte udalerriko ikasleek
Karmengo Ama, Pasaia-Lezo Lizeoa eta Anunciatako gazteak igandean barruti bakoitzean elkartuko dira, 11:00etan, joko artean euren kaleak garbitzeko.
Ingurugiroaren zaintzaz eta garbitasunaz kontzientzia hartzeko jarduera antolatu dute Pasaiako ikastetxeetako gazteek datorren iganderako -hilak 23-. Trintxerpen eta Antxon. 11:00tan elkartzeko deia egin dute, Antxoko Gure Zumardian, eta Trintxerpeko Gudarien plazan.
Aurretik sentsibilizazio kanpaina bat egin dute Karmengo Ama, Pasaia-Lezo Lizeoa eta Anunciatako ikasleek, ingurua garbi mantentzearen garrantziaz kontzientzia pizteko. Horretarako kartelak diseinatu eta toki ezberdinetan zabaldu dituzte. Kanpainarekin amaitzeko, auzolanean egingo den herri garbiketa eguna antolatu dute.
Igandeko topaketetan, Antxon nahiz Trintxerpen, hainbat jolas antolatu dituzte eta, ondoren, 12:00etan, barrutiaren garbiketari ekingo diote gazteek. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Eskubidean planaren barruan kokatzen diren Haur eta nerabeen parte-hartzerako guneetan landutako ekimena da aipatutakoa. Garbiketa egunean ibilbide desberdinak antolatu eta proposatu dituzte eurek, garbiketa talde txikietan egiteko, egungo osasun egoera dela medio. Antolatzaileek nabarmendu dute COVID-19ri buruzko segurtasun neurri guztiak hartuko direla.