Kultur aniztasuna aintzat har dadila eskatu du Lezoko PSE-EEk
Gaiari lotutako mozioa erregistratu du, hurrengo udalbatzarrean azter dadin. Lezoko biztanleen %7,24 Espainiako Estatutik kanpo jaiotakoa da.
Kultur aniztasuna kontuan har dadila nahi du Lezoko PSE-EEk, eta horretarako mozioa erregistratu du, hurrengo udalbatzarrean azter dadin. Maiatzaren 21a da Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna, eta horren harira landu du proposamena.
Joxean Sanchez Lezoko PSE-EEren udal taldearen eledunak jakinarazi duenez, Lezoko biztanleen %7,24 Espainiako Estatutik kanpo jaiotakoa da (Eustat 2020). “Horregatik, jatorriagatik, arrazagatik edo endagatik diskriminazio ezak berebiziko garrantzia du egun. Elkarbizitzarako ardatza da hori”. Hala, kultur aniztasun horrek inguruaren itxura eta izaera aldatu duela uste du Sanchezek, “eta aldaketa hori udalerrietan atzematen da batez ere”.
Horregatik, PSE-EEk uste du udalak elkarbizitzari eta aniztasun kulturalari lotutako bide orria landu behar duela, “aniztasun kulturala kudeatzeko, eta bazterketa jasan dezaketen kolektiboen gaineko elkarbizitza baketsua, errespetua eta tolerantzia bultzatzeko”. Aldi berean, mozioan jasota dago Lezo Zurrumurruen Kontrako Euskal Sarean sar dadila. Eta herrira etortzen direnentzat harrera gida berria egin dadila eskatu dute.