Luberri, milioika urteetako altxorra
Luberri Ikasgune Geologikoak 2003tik darama geologia dibulgatzen. Oiartzun eta Euskal Herriko materiala dute; azalpenak modu didaktikoan ematen dituzte.
Pasa den asteartean, hilak 18, Museoen Nazioarteko Eguna izan zen. Oarsoaldean zortzi museo daude, eta horietan txikienetakoa da Luberri. Edukiontzi txikia izanagatik, altxor handia gordetzen dute Ergoien auzoko Pagoaldean: milioika urte dituzten materialak biltzen dituzte.
Luberri aurten iritsi da adin nagusitasunera. 2003an jarri zuten martxan Jose Angel Torres geologoak eta Klara Gutierrez pedagogoak osatutako bikoteak. «[Torres] Hamabost urterekin hasi zen fosilak bilatzen, gero publikazioak egin zituen, Aranzadiko kide izan zen, eta bertako geologia saileko arduradun izatera iritsi zen», azaldu du Ane Sedano geologo eta museoko gidariak.
Oiartzungo Udalarekin akordio batera iritsi ondoren lortu zuen bere bilduma erakusgai edukitzea: Euskal Herriko ondare geologikoa denon eskura jarri nahi zuen, «ahal bazen dohainik». Ez da musu-truk, baina sarrera hiru euro besterik ez direla nabarmendu du Sedanok. «Murrizketa taula oso luze bat daukagu: oiartzuarrek ez dute ordaintzen, irakasleek ezta ere…».
Bi aretotan banatuta dago museoa. Batean, Oiartzun bailararen Historia geologikoa azaltzen dute, eta bestean, Euskal Herrikoa. Torresek eta Gutierrezek beren arloen jakintza batu zuten, eta Historia hori modu didaktikoan kontatzen hasi ziren orain dela ia bi hamarkada.
Euskal Herriko mota horretako museo bakarra da, eta Euskal Herriko lurralde guztietako zein Errioxako bisitariak jasotzen ditu. Sedanoren ustez, geologia gehiago irakatsi beharko litzateke ikastoletan. «Azken finean», jarraitu du, «zapaltzen dugun lurra da, eta erabiltzen ditugun baliabide guztiak ez dira klisk batean sortzen».
«Zalantzan etortzen direnek haluzinatuta alde egiten dute geologiak zenbat konta dezakeen jakitean» [Ane Sedano, geologo eta museoko gidaria].
Hasieran bilduma pertsonala zena handituz joan zen. «Torres asko mugitzen zenez, jende asko ezagutu zuen, eta haietako askok bere piezak hona ekarri dituzte, kontzientzia bera daukatelako: etxeko apalategian egon beharrean, hobe erakusgai egon eta denek aprobetxa dezatela».
Museoa sortu zuen geologoa iazko abenduan hil zen, amets zuen proiektua egonkortuta. Aitortza ekitaldiak egiteko ez dira garai onenak, baina Sedanok iragarri du museoaren sortzailearen aldeko omenaldia egingo dutela.
Kokalekua, ezin egokiagoa
Luberriko aretoetan aurki daitekeen materialaz gain, ingurunea bera ere nolabaiteko aire libreko museoa da. Ea Luberriren inguruak lau garai geologikoak biltzen dituen galdetuta, Sedanok zehaztapen bat egin du: «Gure lurraren bizitza sailkatzen dituzten garai garrantzitsuenak hiru dira: paleozoikoa, mesozoikoa eta zenozoikoa (primarioa, sekundarioa eta tertziarioa). Gero laugarren bat egon daiteke: kuaternarioa, gizakiak azaltzen direnekoa. Hor eztabaida dago, ea zenozoikoa deitzen zaion hori garai bat den».
Garaien mugarri bizitzaren desagerpen handiak izan zirela gaineratu du: lehenengotik bigarrenera bizitzaren %95 desagertu zen eta bigarrenetik hirugarrenera, %70. «Gizakiaren agerpenarekin muga bat jartzea nahiko antropozentrikoa da…».
Kontzeptuak argituta, Sedanok meategiko trenbide zaharraren hamar eta piku kilometroetan paseatuz gero, hiru garaiak identifika daitezkeela ziurtatu du, eta «gauza berezi asko» ikusi Aiako Harria eta Jaizkibel artean.
Esandakoa indartu du, argudioekin: «Euskal Autonomia Erkidegoko arroka zaharrenetakoak hemen daude, Gipuzkoako fosil zaharrena hemen aurkitu da… Geologia Interesdun Lekuen inbentarioak 150 bat toki ditu, eta horietako bost dira Oiartzun bailarakoak. Bada zifra polita».
Oiartzungo mendigune horrekin lotuta dagoen mito bat gezurtatu nahi izan du: «Aiako Harria mazizo granitiko bakarra da. Esaten da mendialde zaharrena dela, baina ez da hala. Ez da Aiako Harria, baizik eta inguruan dauden mendiak. Lur barnetik igo zen magma da, baina lurzorura iritsi ez zena, bestela sumendi bat edukiko genuke. Magma horrek nonbait geratu bada, enkajatu den toki hori lehenagotik zegoelako da; toki hori Arditurriko arroka horiek guztiak dira». Aiako Harriaren balio geologikoaz gain, balio estetikoa ere goraipatu du.
COVID-19ak asko zigortu du jarduera; bisitari gehienak ikasleak dira
Sedanok onartu du geologia gutxiengo batek jarraitzen duen zientzia dela, askorentzako aspergarria izan daitekeela, baina benetan ezagutzen denean, merezi duela. Berari «pasada bat» iruditzen zaio inguruetan zer zegoen jakitea. Adibide batzuekin irudikatu du: «Inguruko baserri batean olatu markak aurkitu ziren, hau kostaldea zelako. Aralarrera joaten bazara, hura koral arrezife erraldoi bat izan zela jakitea pasada bat da, baita Anboto ere, adibidez. Gaur egun koralen fosilak aurki daitezke hor. Hori batzuei ez zaie interesatzen; niri, izugarri».
Luberrira joaten diren bisitari askori interesa «kutsatzen» diela esan du. Hitz egiterakoan, igarri egiten zaio pasioz bizi duela bere ogibidea. «11 urte daramat hemen lanean, eta ikasi dut gauzak kontatzen bisitariak aspertu gabe. Zalantzan etortzen dira, eta gero haluzinatuta alde egiten dute. Ez dakite geologiak zenbat gauza konta ditzakeen».
Azalpenak ematen jarraitu du, modu didaktikoan betiere: «Itsasoko animalien fosilak aurkitu baditut toki batean, esan nahi du itsaso azpian geundela. Azterketa kimiko pila bat egin ditzakegu, eta horrek adierazi itsasoaren tenperatura, edo zeuden landareak. Dena kateatuta dagoela kontatzen diezu, eta harrituta gelditzen dira».
Luberritik pasatutako bisitariren batek edo bestek umorez aitortu izan diote txangoak egiten dituztenean, zerura edo zuhaitzetara begiratu beharrean, lurrera begiratzen dutela.
Geologia azaltzeak, bestalde, bere zailtasuna duela aitortu du, nahiko «abstraktua» baita: gauza batzuk ezin direla ikusi —lur barnekoak—; denbora geologikoaren kontzeptua milioika urteetakoa izatea…
Alde dutena da Luberrin azaltzen dituztenak bisitariek, orokorrean, ezagutzen dituztela, Euskal Herriko tokiak direlako. Jakin-mina kitzikatuta, Interneten kuskusean jarraitzen dute museoan ikasitakoarekin.
Sedanok arantzatxo bat dauka sartuta: gidatu zuen lehenengo bisitarena. «Lehenengo bisitariei buruz pentsatzen dut oxala bueltatuko balira. Jendearen aurrean hitz egiteak oso urduri jartzen ninduen; liburu batzuk irakurri eta hasi nintzen txapa ematen. KO utzi nituela uste dut…».
COVID-19ak baldintzatuta
Momentuz, badirudi COVID-19ak ez duela ekarriko garai geologikoz aldatzeko moduko desagerpenik, baina beste hainbat alor asko bezala, Luberri ere kolpatu du. Izan ere, bisitarien «%99» ikasleak ziren pandemia iritsi aurretik.
Iazko ekainean ireki zutenean, hamar pertsonako taldeekin egin behar zituzten bisitak. Ez zen eramangarria, Sedanoren arabera: «Lehendabizi hamarreko taldeekin hasi ginen, irakaslea eta gida barne. Zortzi ezin dira etorri; ikasgela osoa mugitu behar da, eta bizpahiru taldetan sartu behar dira. Gainera, bisitaren iraupena berbera da, eta kanpoan itxaron beharko lukete. Sei ordu egon behar zara hemen autobus bati arreta emateko. Irakaslea igotzen bada, beste batek geratu beharko luke behean, zaintzen… eta ez daude sobera irakasle».
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin harremanetan jarri dira, ea zer edo zer egin zezaketen, baina «alferrik» izan zela. Azken dekretuarekin gauzak alda daitezkeela uste dute, nahiz eta orain ikasturte bukaera datorren.
Normaltasun zaharretik berrirako trantsizio fase horretan buelta eman behar izan diote egoerari; ikasleak Luberrira joan beharrean, Luberri joan da ikastetxeetara. Hitzaldiak eta bisita gidatuak ezin direla parekatu azaldu du Sedanok, «askoz hotzagoak» direlako. «Beharra daukate gauza ezberdinak egiteko. Egun osoan ikasgelan, tokitik mugitu gabe, beren estimuluak atera gabe». Udalekuen jardueretan du itxaropen hurbilena.
Eskertzen du «garai zailetan» Oiartzungo Udalak museoaren alde egindako apustua. Deitzen dietenerako Luberri «beti prest» dagoela ziurtatu du, eta ez bakarrik udalarentzako. P
asa den larunbatean, adibidez, Abaraxka udal ludotekarekin batera irteera antolatu zuten, Arditurri inguruko mineralak ezagutzeko. Horrelako txangoek oiartzuarren artean duten arrakasta nabarmendu du: «Oiartzuarrak oso hemengoak dira eta asko gustatzen zaie hemengo parajeak ezagutzea. Azaltzen diezuna ulertzen dute, Arditurri eta inguruetara, adibidez, denak etorri baitira. Fosilak askok ikusi dituzte. Iturriotzen oso erraz aurki daitezke. Uste dut Donostiako haurrei hitz egingo banie fosilei buruz, ez luketela jakingo zertaz ari naizen…».
Luberri museoa asteartetik larunbatera irekita dago,
09:30etik 14:00etara (larunbatetan, 10:00etatik aurrera), eta 16:00etatik 18:00etara. Oraingoz, talde txikiak jasotzen dituzte. Informazioa zabaltzeko, 943 26 05 93 telefono zenbakira dei daiteke. Beraien webgunea ere bista daiteke.