«Gauza sinpleak dira askotan ederrenak, saio hauetan hori aurkitu dut»
Zuzeneko ipuin kontaketa saioei bira eman die lezoarrak, online egiten ditu orain. Gaur du Lezoko Ipuin Kapsulak egitasmoko lehen saioa, 16:00etan. Andreone liburutegiaren Youtube kontuan ikus daiteke.
Etxeko txikienek hutsune handia sumatu dute azken urtean, eta horietako bat izan da ipuin kontalariena. Nola eutsi diozue egoera honi?
Sormena martxan jartzeko urtea izan da, baina bereziki egokitzekoa. Beti izan naiz saltseroa, eta oraingo honetan ere gauza berriak probatu ditut. Pandemia garaian estudio txiki bat muntatu dut, eta hemendik egiten ditut ipuin kontaketak, online. Aurretik Youtube eta horrelakoak ikusten nituen, baina esaten nuen hau ez zela niretzako. Baina ikusi dut eroso nagoela honekin, gustuko dudala. Zerbait berezia duela ikusi dut. Ez da nahiko nukeen zerbait, betirako, baina osagarri bezala bai.
Nola egokitu dituzu kontaketak?
Ipuin kontaketetarako saiatu naiz formatu intimo bat egiten, iluntasunean egindakoa, haurrei gehiago gerturatzeko. Hasieratik gauzak txukun egiten saiatu naiz. Argiztapena, ahotsak, soinuak… Hori guztia zaindu dut.
Beraz, erronka berri bat.
Hala da, bai. Ez dute zuzenekoek duten xarma hori, baina badute zerbait berezia. Dena nik egiten dut, baina gauza txikiak sartzen joaten naiz. Uste baitut gauza sinpleak direla askotan ederrenak, eta formatu honetan hori aurkitu dut.
Zure kontaketek harreman zuzena dute Lezorekin. Dibertigarriak, baina hezitzaileak ere badirela esan daiteke.
Bai, badute kutsu pedagogiko hori. Beti saiatzen naiz Lezoko gauzak, anekdotak, txokoak eta bestelakoak azaltzen. Gaurko saioan, adibidez, Guadalupera asto gainean joango gara eta benetako bide hori zein den erakutsiko dut. Horrez gain, bide horretan dauden baserri, bide, iturri eta bestelakoak azaltzen ditut. Egia da pandemian lezoarrak askotan joan garela Jaizkibelera, baina asto gainean joateak bere xarma dauka [barrez]. Sorpresak egongo dira hurrengo bi saioetan. Gainera, gaurko saioa galtzen dutenek nahi dutenean ikusteko aukera izango dute, izan ere, udarara bitarte zintzilik egongo dira Interneten kontaketa saioak.