[Bideoa eta galeria] 'Laguna' veneziar ontzia uretaratu dute gaur goizean
Albaolako ontzigintza eskolako bi ikasle internazionalek eraikitako ontzia uretan da. Italiako itsas ondarea berreskuratzeko saiakera izan da proiektua.
Saul Hoffmann italiarra eta Ioanna Moutousidi greziarra, eurek eraikitako ontzia gidatzen. Martxoaren 25ean 1.600 urte bete ziren Venezia hiriaren sorreratik, eta Albaolan zurezko omenaldi berezia egin zuten urteurrena ospatzeko: Sando s ‘ciopon veneziar ontzi baten eraikuntzaren aurkezpena. Gaur, ia bi hilabete beranduago, Aprendiztegi nazioarteko eskolako bi ikaslek eraikitako barkuak ur hartu du.
Saul Hoffmann italiarra eta Ioanna Moutousidi greziarra dira ontziaren eraikuntzaren buru izan diren Albaolako bi ikasleak. Haiek aurkeztu eta gidatu dute lehen aldiz veneziar ontzia gaur goizean, Pasaiako uretan. Jan eta edariz ospatu dute inaugurazioa bertaratu direnek, haien artean hainbat miresmen hitz eskaini dizkiote ekitaldiarekin bat egin duten Italia txiki elkarteko kideek bi ikasleek egindako lanari.















