Energia krisiari aurre egiteko konpromisoa ahotan aurkeztu dute Iratzerri
Larrialdi klimatikoak eta energia krisialdiak arduraturiko hainbat lezoarrek bat egin dute ingurugiroaren alde lan egiteko. Goizean aurkeztu dute taldea.
Gaur goizean egin du Iratzerrik taldearen aurkezpena Gezala aretoan. Gaur goizean aurkeztu dute Lezoko Gezala Auditoriumean larrialdi klimatikoari eta energia krisiari aurre egiteko jaiotako Iratzerri taldea; Goiener taldeko Gurutz San Miguelek hitzaldia eskaini du aurkezpenaren ostean. Hamarnaka bizilagunek bat egin dute ekitaldiarekin.
Herri mailako ekintza txikiek munduan aldaketa sor dezaketela sinetsita daude talde berriaren bultzatzaileak, hala adierazi dute aurkezpenean Jokin Susperregi eta Ekaitz Bravo kideek.
Lezon energia baliabideen eraginkortasuna eta jasangarritasuna sustatzeaz gain, kontzientziazioa ere izango dituzte jardunaren ardatz Iratzerriko kideek; “misio honetarako inguruko eragile ezberdinekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela argi dugu”, aitortu dute goizeko ekitaldian.
Lezoarrak saretzea
Izan ere, sentsibilizazio maila handia sumatzen dute lezoarren artean, baina konpromiso sendoagoa behar dela aldarrikatu dute. Ildo horretan, Lezoko kolektibo ezberdinak saretzeko ahalegin berezia egingo dutela aitortu dute.
Hitzaldi eta emanaldiak eskaintzeaz gain, Karlos Saldise plazan ostegunero egiten den azokan postu bat jartzeko aukera ere aztertzen ari dira herritarrengana gerturatzeko. Hurrengo ekitaldietan landu asmo dituzten gaien artean honakoak aipatu dituzte gaur: komunitate energetikoa, txirotasun energetikoa, trantsizio energetikoa edota Lezo eta ingurugiroa saretzea.
Iratzerriren aurkezpenaren ondoren Goiener taldeko boluntario den Gurutz San Miguelek ekainean indarrean sartuko den elektrizitate tarifazio berria eta fakturak, orobat, ulertzeko hainbat gako eman ditu.
